Maiatzeko ohiko bilkura egin zuen atzo iluntzean Orioko udalbatzak udaletxeko udalbatzar aretoan. Hainbat gai jorratu zituzten, tartean herriko elkarteek zer dirulaguntza jasoko duten zehaztu zuen udal idazkariak, eta bi alderdien aldeko botoekin, aho batez onartuta gelditu zen proposamena.
Gai zerrendatik kanpoko beste gai bat nabarmendu behar da, ordea, atzoko udalbatzarretik. Izan ere, eskari eta galderen tartean, Olatz Santamaria alkateordeak hartu zuen hitza, frontoiari buruz hurrengo astean egingo den herri galdeketaz hainbat zehaztasun emateko.
Herri galdeketa hurrengo astean, ostiraletik igandera, hau da, ekainaren 5etik 7ra egingo da, eta aurrez, asteartean, hilak 2, udalak herritarrekin bilera irekia egingo duela jakinarazi zuen Santamariak. Hitzordua 19:00etan izango da, Kultur Etxean. Azalpenak Borja Agirresarobe XS Arkitektura estudioko arkitekto eta pilotari ohi oriotarrak emango ditu. Otsailean ere bera arduratu zen frontoi berriarentzako bi aurreproiektuak aurkezteaz. Bi proiektuak Turismo Bulegoan daude ikusgai, baita Gukoriori.eus atarian ere.
EH Bilduren eta EAJren iritziak
Oriotarrentzat "momentu historikoa" dela iritzi zion EH Bilduko zinegotziak, eta herritarrak bozkatzera animatu zituen, "frontoiaren inguruan urteetan egondako korapiloa askatzeko pauso garrantzitsua izango delako". Prozesua luzea izan dela kontatu zuen, eta lehendik udalak publikoki emandako azalpenak errepikatu zituen.
Bi proiektuak laburki azaldu zituen, eta azpimarratu zuen, udal gobernuak gehiengo osoa daukan arren, "garrantzitsua" iruditzen zitzaiela "halako erabaki bat herriari galdetzea".
Lourdes Salsamendi EAJko zinegotziak hartu zuen hitza ondoren, eta Santamariak bezala, oriotarrak animatu nahi izan zituen bozketan parte hartzera. Udal gobernuari kritika ere egin zion, ordea, herri galdeketak formulatzen duen galderaren inguruan: "2019tik hona batzordez batzorde lantzen joan gara gai honen bueltako puntuak, baina herri galdeketaren puntura iritsi ginenean, guretzat galdera egokiena ez zen frontoia non eraiki galdetzea, baizik eta, hasieratik herriak esatea frontoi hori zer-nolakoa izango zen, eta hori izan da batzordez batzorde beti azaldu izan duguna".
Salsamendik gaineratu zuen bi proiektuak "osagarriak" izan daitezkeela, eta frontoiaz aparte, Palotarako proposatzen den kulturgune berria "interes handikoa eta beharrezkoa dela".