Herritarrek ekainaren 5etik 7ra bozkatu ahalko dute frontoi berria Palotan ala Abaromendin eraiki nahi duten

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 22a

Frontoi berriak izan dezakeen itxura. (XS Arkitektura)

Herri galdeketa legez ez da loteslea, baina udal taldeek konpromisoa hartu dute bozketaren emaitza errespetatzeko. Horregatik, botoa ematera joateko eskatu diete herritarrei. Udalak otsailean aurkeztu zituen bi proiektuak, baina argitu du horiek ez direla behin betikoak. 

Orioko Udalak herri galdeketa egingo du ekainaren 5etik 7ra, frontoi berria non kokatuko den erabakitzeko: Palotan edo Abaromendin. Botoa Turismo Bulegoan eman beharko da, eta Orion erroldatutako 18 urtetik gorako herritarrek izango dute horretarako aukera. Prozesuaren inguruko informazioa biltzen duen eskuorria gaur banatuko du udalak etxez etxe, eta informazio zabalagoa eskuragai jarriko dute Guk Oriori atarian eta Turismo Bulegoan bertan. Horrez gain, bozketaren aurretik bilera irekia egingo du udalak, "gaiaren inguruko zalantzak argitzeko".

Ekainaren 5ean eta 6an, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara eman ahal izango da botoa. Ekainaren 7an, berriz, 09:30etik 13:30era izango da bozkatzeko aukera. Botoa emateko, Orion erroldatuta egon beharko da 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta bozketa egunean 18 urte beteak izan. Horrez gain, herritarrek NA edo baliozko dokumentu ofiziala aurkeztu beharko dute identifikatzeko. Botoen zenbaketa ekainaren 7an bertan egingo du udalak, 20:00etan, udalbatzarraren aretoan. Zenbaketa jendaurrean egingo da, idazkaria bertan dela. 

Ez da behin betikoa eta ez da loteslea

Udalak argi utzi nahi izan ditu bi puntu: batetik, proposamenak ez direla behin betiko proiektu itxiak; kokaleku bakoitzaren aukerak aztertzeko landu dira, frontoi berria eremu bakoitzean nola txertatuko litzatekeen, zer erabilera aukera eskainiko lituzkeen eta kokalekuaren izaerarekin zer harreman izango lukeen irudikatzeko.

Bestetik, herri galdeketa, legez, ez dela loteslea izango. Hori bai, udal alderdiek "konpromiso politikoa hartu dute herritarren hitza errespetatzeko", parte hartze langarik jarri gabe. Emaitza ikusita, alderdi politikoek dagokion batzordean eta udalbatzarrean bozkatuko dute frontoi berriaren behin betiko kokalekua, herritarren gehiengoaren nahia oinarri hartuta.

Horregatik, udalak herritarrei dei egin die informazioa arretaz aztertzeko, bi proposamenen ezaugarriak ezagutzeko eta ekainaren 5etik 7ra egingo den herri galdeketan parte hartzeko. "Frontoi berriaren kokalekua herriaren etorkizuneko ekipamendu sareari lotutako erabaki garrantzitsua da, eta, horregatik, oriotarren iritzia jasotzea ezinbestekoa da", esan du.

Abiapuntuan hiru elementu

Prozesuaren abiapuntuan hiru elementu nagusi daudela azaldu du udalak: frontoi zaharraren eremuaren azken urteetako egoera, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) garapena eta herriko ekipamendu beharrei erantzuteko ekintza plana. Izan ere, "frontoi zaharraren eremua ordenamenduz kanpo geratu zen 2007ko arau subsidiarioetan, eta horrek mugatu egin ditu bertan egin zitezkeen esku-hartzeak". Horregatik, udalak "ikuspegi zabalago batetik" aztertu du frontoi berriaren kokalekua, "herriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien ekipamendua irudikatzeko".

HAPOren lanketarekin, aukera berri bat zabaldu da: frontoi berria Palotako eremuan kokatzea. Horren harira, udalak bi kokalekuen aurreproiektuak landu ditu XS arkitektura bulegoarekin elkarlanean: bata Palotan, eta bestea Abaromendin. Eta proiektuak herritarrei aurkezteko, bilera irekia egin zen otsailean. Borja Agirresarobe arkitektoak azaldu zizkion Gukari proiektu bakoitzaren ezaugarriak. 

Erlazionatuak

Frontoia Abaromendin ala Palotan kokatu, horixe gakoa

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre ots 06 Orio

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide