Elkarrizketak

Julen Egaña eta Aitzol Eguzkitza: "Prozesuak konfiantza eman digu eta beldurrik gabe jokatzen ari gara"

Aritz Mutiozabal - Usua Garin 2026ko maiatzaren 28a

Ulacia ZKEk Bigarren FEB mailara igotzeko fasea jokatuko du gaurtik igandera, Badajozen (Espainia). Txapelketa amaitzean, erretiroa hartuko dute Aitzol Eguzkitza Orioko bizilagunak eta Julen Egaña zarauztarrak.

Espainiako Bigarren FEB mailara igotzeko fasea jokatuko duzue egunotan Badajozen (Espainia). Hau historikoa da klubarentzat, ezta?

AITZOL EGUZKITZA: Egia esan, datozen egun hauek historikoak izango dira guretzat. Izan ere, beti ibili gara beheko postuetan, mailari eusteko lehia horretan; urte batzuetan jaitsi eta gero igo ibili gara, alegia. Beraz, ligan hor goian kokatu ondoreen igoera borrokatzeko aukera izango dugun lehen aldia da.

JULEN EGAÑA: Eta lehen aldia izanik, etxeko jokalariontzat kristorena da horrelako fase erabakigarri bat jokatzea. Beraz, gogotsu gaude.

Zentzu horretan, presioa sentitzen al duzue ala opari bat bezala hartu duzue?

A.E.: Presiorik ez dugu sentitzen, guztiz kontrakoa. Oso lasai gaude, gauzak ongi egin izanaren sentipenarekin. Helburuak lortu dituenaren soseguarekin, azken finean. Horregatik aritu gara azken jardunaldietan horren ongi jokatzen eta emaitza onak lortzen. Presiorik gabe goaz igoera fasera: ezustekoa eman badezakegu, ezustekoa emango dugu, eta bestela, gozatu eta esperientzia bizi.

J.E.: Esango nuke azken hilabete eta erdian ez dugula sentitu presio izpirik. Etxeko lanak ongi eginda genituenez, hortik aurrera etorri den guztia ongi etorria izan da, eta espero dugu bide beretik jarraitzea.

Atzetik aurrera osatu duzue denboraldia. Inork gutxik pentsatzen zuen igoera fasean izango zinetela.

A.E.: Aldaketa batzuk izan genituen denboraldi hasieran, entrenatzaile berria tarteko. Egia esan, ligari ez genion hasiera ona eman eta Gabonen bueltan egoerak nahiko itxura beltza zeukan, baina pixkanaka, irabazten hasi ginen.

J.E.: Azken 11 partidetatik hamar irabazi ditugu jarraian. Gogoan dut afari bat egin genuela denboraldi hasieran, eta delegatua kezkatuta agertu zitzaidala, emaitzak iristen ez zirelako. Lasai egoteko esan nion, entrenatzailea berria zela eta elkar ezagutu behar genuela, eta, ondoren, antzeman da hori. Behin martxa hartuta, denak funtzionatu du eta eroso ari gara.

Orain, CB Prat, Uros de Rivas eta Puerto Sagunto izango dituzue aurkari. Talde horien erreferentziarik ba al duzue?

J.E.: Dudarik gabe, Prat da talde gogorrena. Haien jokalarien zerrenda begiratuz gero, ACB eta Urrezko LEB ligetan jokatutakoak daude, telebistan ikusitako jokalariak. Beste bi taldeak, aldiz, ez ditugu ezagutzen, baina iruditzen zaigu ahalko dugula haien aurka borrokatu.

A.E.: Nik ez dut inolako erreferentziarik, baina horretarako izaten ditugu bideo saioak entrenamenduetan. Gure prestatzaileek lan handia egiten dute halakoetan, eta gisa horretan joaten gara aurkariak ezagutzen.

Taldean zer-nolako giroa bizitzen ari zarete igoera fasearen atarian?

A.E.: Hau guztia azken jardunaldian hasi zen egosten. Gu bosgarren geunden sailkapenean eta laugarrenari irabazi genion bere etxean. Ondorengo kanporaketak ere irabazi egin genituen, bai Galizian, bai Gasteizen. Prozesu osoak sekulako konfiantza eman digu eta beldurrik gabe jokatzen ari gara orain.

J.E.: Jokatzeko gogoz gaude, baita Euskal Herritik kanpo zer-nolako maila dagoen ikusteko ere. Lehen aldia da horrelako igoera fase bat jokatuko duguna, beraz, geure maila ere neurtu nahi dugu.

Zuentzat biontzat bereziki berezia izango da, igoera fasea bukatutakoan erretiroa hartuko duzuelako.

A.E.: Iazko udan jakinarazi nion klubari aurtengoa izango zela nire azken denboraldia, hirugarrenez aita izango nintzelako. Beste urte batez jarraitzea nahi nuen, eta azkena izango zela erabaki nuen. Nire helburu bakarra zen mailaz ez jaistea. Nire aurreikuspenen arabera, apirilean bukatuko genuen liga, eta hemen jarraitzen dugu, maiatzaren amaieran oraindik ere borrokan. Ametsetan ere ez nukeen irudikatuko igoera fase bat jokatzen amaituko nuenik nire ibilbidea. Espero baino askoz hobea izaten ari da.

J.E.: Niretzako ere amaitzeko modurik onena da. Sorbaldako ebakuntza baten ondorioz, azken bi urteetan asko sufritu dut, eta lesioek ez dute barkatzen. Beraz, igoera fase batekin kirol ibilbidea borobiltzea opari bat da; niretzako, perfektua.

Aitzol, zuri egundoko omenaldia egin zizuten duela hilabete. Kapitain on batek merezi duen horietakoa.

A.E.: Apirilean, etxeko azken partidan, banekien zerbait egingo zidatela, baina ez nuen uste horrenbeste ezusteko emango zizkidatenik. Dantza, bertsoak, txapela... Hasieran asko hunkitu nintzen, eta ondoren, lasaitasuna, erabaki ona hartu izanaren sentipena. Zoriontasuna horrek eman zidan. Gainera, ederra izan zen bertaratu zen jende guztiaren berotasuna jasotzea, baita ekitaldira etorri ziren jokalari eta entrenatzaile ohiak ikustea ere. Oso lasai eta pozik nago hartutako erabakiarekin.

Orain, Juleni prestatu beharko diozue, ezta?

J.E.: Nire erretiroaren erabakia pixka bat ezustean etorri da. Etxean jokatu genuen azken partida hasi baino bi minutu lehenago esan nion entrenatzaileari. Aitzolen agurreko ekitaldia prestatzen aritu nintzen, eta ilusio gehiago egiten zidan bere agurrak nireak baino.

Bizitza osoa eman duzue klubean. Zer da zuentzako familia horren parte izatea?

A.E.: Saskibaloiak gauza asko kendu dizkigu, denbora asko eskaintzen baitiegu astean zehar entrenamenduei eta asteburuetan partidei, baina gero, trukean jasotzen duguna ikaragarria da. Hortik dator dugun familia sentipen hori.

J.E.: Denboraldi amaieran, bukatzeko desiratzen egoten gara, baina abuztu bukaeran berririo gaude elkartzeko eta entrenatzen hasteko gogoz. Badago barruko harra pizten digun zerbait.

Erretiratzeko modutik onena igoera lortzea izango al litzateke?

A.E.: Ez dut horretan pentsatzen. Hor gaude, jokatuko dugu eta gozatu egingo dugu. Nik ez dut ikusten aukera errealik igoera lortzeko, baina han izango garenez, maila berean hasiko gara talde guztiok eta lehiatu egingo gara. Beraz, zergatik ez!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide