Balearen Eguna 2026

Orioko Udalak eskerrak eman dizkie Balearen Egunean parte hartu duten guztiei

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 19a

Balearen Eguneko antzezlaneko une bat. (Julene Sorarrain)

Udalak gogorarazi du Balearen Eguna bost urtean behin oriotarrek beren iraganari begiratzeko hartzen duten tartea dela "jakin-minetik, emoziotik, harrotasunetik, eta baita ikuspegi kritiko-eraikitzailetik ere".

Apirilaren 24an hasi eta herenegun, igandean, amaitu da Balearen Eguneko kultur programa. Berezia izan da aurtengoa, 125 urte bete baitira 60 arrantzalek Kantauri itsasoko azken balea harrapatu zutenetik, eta festari jakintza dosi handia gehitu nahi izan dio udalak, baita omenaldiak egiteko tartea hartu ere. "Gure herriaren itsas historiaz gogoeta egiteko eta belaunaldiz belaunaldi jaso dugun ondarea partekatzeko aukera izan dugu azken asteotan, herriko haurren sormenaz gozatzeko, eragileek antolatuko topaketa, otordu eta emanaldietan komunitatea indartzeko parada. Emozioak bor-bor izan genituen Danbolin musika eta dantza eskolaren 40. urteurreneko emanaldian, eta Benito Lertxundiren ibilbideari eta bere kantu herrikoi eta zoragarriei gorazarre egin diegu, hunkidura artean gozo, begiak malkotan".

"Bere historia zaintzen duen herria" izan nahi du Oriok, "kulturari lekua egiten diona, haurrei eta sortzaileei ahotsa ematen diena, eta memoria kolektiboa elkarrekin eraikitzen duena". 

Udalaren "ohiko lan ildoei eta konpromisoari jarraituz", balearen harrapaketari beste ertz batetik heltzeko saiakera egin da aurten ere kultur ekintzak programatzerakoan. "Bidean aurrera goaz, ginenetik garenera". 

Guztia amaituta, Orioko Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie "Balearen Eguna posible egin duten guztiei".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide