Orioko hainbat herritarrek duela 40 urte erein zuten gaur Danbolin musika eta dantza eskola denaren hazia, eta lau hamarkadatan mimoz landutako proiektuak eztanda egin zuen atzo gauean Karela kiroldegian. Herritar ugari elkartu ziren herriko musika eta dantza eskolaren 40. urteurreneko emanaldi bereziaz gozatzera.
Harmailetan soilik ez, herritar mordoa izan zen atzokoan Karelako pistatik. Danbolin eskolako ikasle gehien-gehienek parte hartu zuten ekitaldian, 400 lagun inguruk, eskolan ikasitako dantzak aurkezten, abesten ala instrumentu desberdinekin duten trebetasuna erakusten.
Ikasleez gain, herriko hainbat musikarik parte hartu zuten urtemugako festa handian, eta ekitaldiaren amaieran omenaldia egin zioten Elena Errasti Danbolin eskolako zuzendariari.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)