Ekitaldirako bideo laburrak eskatzen aritu gara, eta iritsi direnekin zeharo hunkitu naiz. Uau!". Elena Errasti Danbolin musika eta dantza eskolako zuzendariak pertsona zuzen eta zorrotzaren oskola ireki du, eta irribarrea atera zaio. "Egia da zahartzen ari naizela eta gero eta errazago hunkitzen naizela". Berrogei urte beteko ditu aurten Danbolin musika eta dantza eskolak, eta aurki ekitaldi berezia eginez ospatuko dute urteurrena, maiatzaren 9an; Karela kiroldegiko emanaldian musika eskola ia osoak parte hartuko du, eta herriko hainbat musikari ere igoko dira oholtzara. Musika eskola noiz eta nola sortu zuten ederki gogoratzen dutenetako bat da Imanol Urkizu musikari oriotarra. Aurrez, herrian musika arloan batasunik ez zela azaldu du, baina musikarako afiziorik ez zela falta, herri musikazalea delako Orio.
Urkizuk gogoan du berak 6-7 urte zituenean solfeoa ikastera joaten zirela Elizak zeukan saloi parrokialera. On Antonino apaizak ematen zien solfeoa, eta harekin hasi ziren musikan lehen pausoak ematen. Garai hartan txistua, dantza eta txarangaz gain beste ezer ez zegoela dio, eta dena antolatu gabe. "Txistua erakusten zuten, momentu hartan herrian txistua jotzen zekitenek, eta gauza bera dantzarekin. Musika banda ez zegoen, baina txaranga bai, peronatarren eskutik. Haiek erakusten zieten gogoa zuten herritarrei saxofoia, klarinetea edo dena delakoa jotzen. Baina arlo guztiak aparte zeuden". Denborarekin, akordeoia ikasteko aukera ere sortu zela gogoan du, herrian bi pertsona bazeudelako, Inaxio Unanue eta Pello Alonso –Julen Alonso musikariaren osaba– , Donostian ikasi eta maila nahiko handia lortu zutenak. Abesbatza ere bazen, Patxi Oliden Danbolin-ek gidatzen zuena, eta horrek hartu zuen solfeoa irakasteko ardura, on Antoninoren ondoren. "Gure aitak eta beste pare bat gurasok, Martin Lizasok eta, bazuten interesa beren seme-alabek musika ikas zezaten, eta Patxi Danbolinengana jo zuten. Hark hasieran ezetz esan zuen, baina gero, 80 umeri batera irakasten aritu zen solfeoa, eta abesbatza ere sortu zuen", kontatu du Urkizuk.

1980eko hamarkadaren erdialdera, orduko udalak erabaki zuen musika arloa bateratu egin behar zela, eta erakundeak antolatutako aurreneko bileran izan zen Urkizu: "Kulturaz kezkatzen zen jendea deitu zuen bilerara udalak. Gogoan dut han nintzela neu, gure aita ere joan zen, baita Martin Lizaso, Patxi Danbolin, Carlos eta Martin Perona aita-semeak eta Benito Brit ere". Bilera hartatik ondorioztatu zuten interesgarria izango litzatekeela musika eskola bat sortzea herrian. "Arazoa zen instrumentuak erakutsiko zituzten maisu gutxi zegoela herrian". Izan ere, argi zuten zerbait ofiziala egin nahi bazen, irakasleek ere titulu ofiziala eduki behar zutela. Urkizuk gogoan du bilera hartan erabaki zutela pianoa eta biolina sartzea, baita klarinetea, saxoa, tronpeta, txistua eta akordeoia ere, solfeoarekin batera.
Herritarren bultzada
Ezustean, zorte pixka bat ere izan zuten oriotarrek proiektua martxan jartzea erraztu zuena: "Kasualitatez, Donostiatik Joaquin Puente izeneko gizon bat etorri zen orain Txanka hotela dagoen tokira. Baserri bat zegoen orduan, eta familiarekin etorri zen. Pianista zen bera, orkestra zuzendaria, igandero elizara etortzen zen organoa jotzera. Seme bat ere piano karrera bukatzen ari zen". Martin Lizasok bazuen harremana Puenterekin, eta hala hasi zen donostiarra zuzendari lanetan musika eskolan. Urkizu bera ere musika eskolako zuzendaritzan egon zen hastapen haietan, beste zenbait herritarrekin batera, "laguntza behar zelako". Irakasleak kontratatu ahal izateko ere gutxieneko ikasle kopurua behar zuen musika eskolak, gutxieneko matrikulazioa, alegia, eta Urkizuk kontatu du halaxe eman zutela izena berak eta eskola bultzatzen aritu ziren herritarrek. Solfeoarekin batera hainbat instrumentu sartu zituzten hastapen haietan: pianoa, biolina, akordeoia, saxoa eta klarinetea.

Udaletxe zaharreko goiko solairuetan ireki zuten musika eskola. "Garai batean Guardia Zibilaren kuartela egon zen udaletxeko goiko pisuan, eta haiek alde egin zutenean, hutsik gelditu zen. Parte batean udaltzain bat bizi zen, eta beste erdian osatu zuten eskola. Haren azpiko solairuan gela batzuk ere hutsik zeuden, eta haiek ere musika eskolak erabili zituen bere hastapenetan", kontatu du Urkizuk.
Oinarri sendoak
Gertu izan du beti musika eskola Urkizuk, pandero irakasle ere aritu zelako hainbat urtez. Gaur egun oinarri sendoak dituen proiektua dela uste du, eta zaila iruditzen zaio atzerapausoak egotea. "Ez dakit erabiliko dudan hitza egokia den, baina modan jarri den edo beharrezkoa den zerbait da musika ikastea; denak edo gehienak pasatzen dira musika eskolatik, eta ez zait gaizki iruditzen, baina, era berean, ez zait iruditzen denek musikari izan behar dutenik. Musika zaletasuna sortzeko beste bide batzuk ere badaude. Ulertzen dut, ordea, musika eskola ere ikastetxe bat dela, bizi egin behar duela, kultura zabaldu egin behar dela, eta uste dut bizirik mantenduko dela eta ez dela hilko". Eskola "momentu egokian" ikusten du, indartsu, eta "zorioneko" direla urtemuga honetan.

Musika eskola sendo ikusten du Elena Errastik (Lezo, 1974) ere. 1996. urtean hasi zen bertan lanean Musika Mintzairako irakasle, eta berehala hartu behar izan zuen zuzendari kargua. 30 urte daramatza eskola gidatzen, eta nabarmendu du lankideei esker jarraitzen duela zeregin horretan. Errasti orduko zuzendariaren bitartez iritsi zen Orioko eskolara. "Garai batean denak funtzionatzen zuen deiekin, eta Arritxu Ulazia zuzendariak Lezoko eskolakoari deitu zion harekin harremana zuelako, eta Musika Mintzairako irakaslea behar zuela esan zion, Arritxuk ematen zituelako, baina bera gaixo zegoelako". Errasti irailean sartu zen eskolan, eta Ulazia azaro hartan bertan hil zen. "Udalak esan zigun gutakoren batek hartu behar zuela zuzendari berri kargua, eta baldintza bat jarri zuen: zuzendariak egunero etorri behar zuen musika eskolara. Audra [Almanaityte] piano irakaslea eta ni ginen egunero etortzen ginenak, eta hura ez zen ausartu, hizkuntzagatik eta. Nik, berriz, gaztetako ausardia horrekin, aurrera egin nuen", kontatu du.
Garai hartan izan zituen aldaketa nagusiak musika eskolak. Batetik, udaletxe zaharretik gaur egungo eraikinera 2001. urtean pasatu ziren, Iturbide kaleko egoitzara alegia, eta bestetik, urte batzuk lehenago, 1992an, kontserbatorio izaera utzi eta udal musika eta dantza eskola bihurtua zelako. Titulu ofizialak ematen dituzten eskolak dira kontserbatorioak, hori da aldea, eta Gipuzkoan, hiriburukoaz gain, Irungoa eta Errenteriakoa bakarrik dira kontserbatorioak gaur egun. "Guk ere badugu hezkuntza plangintza bat, hau da, arautuak gaude, baina ez da hain formala", azaldu du Errastik. Era berean, kontserbatorio ez izateak bere abantailak badituela uste du, "musika eskola bakoitza bere ingurunera egokitu daitekeelako". Herri bateko eta besteko eskolak oso desberdinak izan daitezke, bateko eta besteko herritarren ohiturak ere hala izaten direlako. Esaterako, Orion hezkuntza programa aldatuz joan dira beharren arabera. "LH-5en Musika Mintzaira ikasi gabe instrumentua ikasten hasteko aukera ematen hasi ginen, adin horretan arraunera hasten zirelako haurrak", azaldu du lezoarrak.

Bi data horiek kenduta, Errastik ez du uste aparteko gertaerarik edo inflexio punturik egon denik. Inurri lanean eta talde lanean sinesten du berak: "Hemen duguna da lantalde indartsua, eta hori ez dago toki guztietan. Neuk horregatik daramatzat 30 urte hemen. Hemen dagoen lan egiteko gogoa toki gutxitan dago. Eta lan egite hori ez da egun batetik bestera aldatu; eginaz joan gara", azpimarratu du.
Eskaintzari dagokionez, Errastik kontatu du bera Oriora iritsi zenean jada instrumentu asko irakasten zituztela: eskusoinua, saxoa, klarinetea, flauta, biolina, txeloa eta tronpeta aipatu ditu. Dantza tradizionala ere duela 30 urte hasi ziren ematen Eli Alberdiren eskutik, baita txistua ere. Perkusioarekin ere garai hartan hasi zirela dio, baita ikasle gazteenei ematen zaien Musika eta Mugimendua irakasgaiarekin ere.
Data esanguratsurik ez, baina aliatu esanguratsua bai, izan dute, eta badute, musika eskolako langileek: udala. "Hasiera-hasieratik eta kolore guztietako udalek babestu izan gaituzte", azpimarratu du Errastik, eskertuta. Udal langile laboralak dira, eta aurten beste pauso bat eman dutela azaldu du, udal langileen baldintza berak eskuratu dituztelako.
Bilakaera eta berrikuntzak
Gizartea aldatuz joaten da, eta eragina jendarteko txoko guztietara iristen da, baita Danbolineko lau hormen artera ere. Hiru hamarkadatan, "bilakaera handia" ikusi du Errastik lantokian, batez ere alor administratiboan: "Lehen idatziz ez zen ezer jasotzen, baina orain, azken komara arte dena zehaztu behar izaten da, gizartea asko aldatu delako, batez ere". Hamarkada hauetan musikarako zaletasuna bizitzeko modua ere asko aldatu dela uste du. Horri lotuta, Errastik azpimarratu du Orion eskolaz kanpoko aukera oso zabala dagoela, batez ere kiroletan, oso herri kirolaria delako, eta horrek ere eragina duela. "Umeek ez dute kirol bakarra egiten, eta aste bateko orduak mugatuak direnez, denerako ez du ematen". Musika tresna bat jotzen ikastea hizkuntza bat ikastearekin alderatu du Errastik, baina uste du gaur egun gizarteak ez duela hain ondo ulertzen orduak eskaini behar izatea instrumentu bat ikasteari, "ingelesari bezala, esaterako".
Gainera, musika tresna bat ikastearen emaitza oso poliki ikusten da, eta herritarren pazientzia ere ez da garai batekoa, zuzendariaren iritziz. "Gaur egun ez gaude emaitzak epe luzera ikustera ohituta, are gutxiago ume bat". Baina instrumentu bat ikastea norberak egin beharreko lana da. Horregatik, "borroka handia" egin behar dutela aitortu du, "esfortzua oso gutxi baloratzen delako". Errastik irakurtzen ikastearekin alderatu du instrumentu bat jotzen ikastea: "Ume batek hasieran ez badu etxean praktikatzen, ikasiko du irakurtzen? Bai, noski, baina polikiago. Gertatzen dena da eskolaz kanpoko ikasketak direla hauek eta herritar oso gutxik ikusten dituztela musikak dituen onurak, horiek asko izan arren; esaterako, diziplina. Ez da soilik musika ikasteko, bizitzarako ere erreminta asko ematen dizkizu".
Zailtasunak zailtasun, Errastik eskoletan aurkitzen du bere oasi txikia; gelan sartzen denean haurrei eskolak ematera, arazo guztiak ahazten zaizkiola aitortu du. Txistu irakaslea da, eta hainbat urtez aritu da Musika eta Mugimendua ematen ikasle gazteenei. Aurten Musika Mintzaira ematera pasatu da, eta aitortu du asko botatzen dituela faltan txikienak. "Lan ikaragarria ematen dute, baina bueltan ematen dizutena ere sekulakoa da".
Herrira zabalduz
Errastik azpimarratu du lan asko egiten dutela musika eskola aurrera ateratzeko, "baita musika hori ez dadin hemengo lau paretaren artean gelditu ere". Zuzendariarentzat garrantzitsua da gurasoek ikustea zer eta nola egiten duten, eta egutegi aldetik gero eta zailagoa izan arren, herrira irteten segitzen dute, eta horretan jarraitzeko asmoa dute: "Argi dugu musika partekatu egin behar dela; bestela ez dauka zentzurik musikak".
Bestalde, Errastik musika eskola "fabrika" baten gisa ikusten du. "Zerbait eragiten ari garela ikusten dugu, musika eskolako ikasleek, gero, beraien artean sortzen dituztelako musika taldeak, sortzen dutelako txaranga bat, abesbatza bat...". Beren ikasketak areagotu nahi dituzten ikasleak ere eduki dituzte, Donostiako musika kontserbatoriora joan direnak edo une honetan joaten ari direnak. "Horrek esan nahi du ari zarela zerbait probokatzen, eta niri behintzat, beste guztia ahaztuarazten didate", esan du Errastik. Horiek dira bere pozak. Eta denetan handiena, "zeuk musika irakatsi diozun ume horren seme-alabak etortzea".
410 ikasle daude matrikulatuta aurtengo ikasturtean Danbolin musika eta dantza eskolan, eta bide berriei irekita dago. Aurten +65 saioak eskaintzen hasi dira erretiratuei, eta baliteke 0-3 urte artekoentzat Hezkuntza Goiztiarra izeneko ikastaroa ere eskaintzea aurrerago. Errastik, dena den, argi du bere nahia: "Nahiko nuke mantentzea musika tresna bat jotzen ikasteko oraintxe bertan herritarrek duten gogo hori".