Albistegia

Euskara suspertzeko Esnatu dinamika aurkeztu dute UEMAk eta Euskal Herriko hemezortzi eragilek

Onintza Lete Arrieta - Urtzi Oteiza 2026ko apirilaren 14a

Orioko Arraunetxen eman dituzte azalpenak Martin Aramendi UEMAko lehendakariak eta Anuska Esnal Orioko alkateak, baita konpromiso zehatzak hartu dituzten eragile bitako ordezkariek ere. Bihartik aurrera, egitasmoa UEMA osatzen duten udalerri guztietara zabalduko dute. 

"'Esnatu ala hil' esan digute ikerlari, soziolinguista eta euskaltzale adituek, eta udalerri euskaldunok eta hainbat eragilek, dagokigun arduratik, argi dugu: esnatzea da gure hautua". Martin Aramendi Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakariaren hitzak dira. Euskal Herriko hemezortzi eragilerekin batera Esnatu dinamika aurkeztu du gaur eguerdian Orioko Arraunetxean. Euskarak arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan bizi duen egoerak kezkatuta, egoerari buelta emateko gogoa erakutsi nahi izan dute, baita konpromiso zehatzak hartu ere. Horiek guztiak irakurgai daude UEMAk sortu duen euskarri digital honetan

Aramendik gogoratu du euskararentzat Lurralde Estrategia aurkeztu zutela otsailean, eta gaurko aurkezpena haren osagarria dela azaldu du: "Adostasun politikoa behar duen UEMAren proposamena da euskararentzat Lurralde Estrategia. Esnatu dinamikarekin, berriz, hainbat eragilek, ardura eta erantzukizuna uztartuz, egoera iraultzeko premia adierazi eta horretarako konpromisoak hartu dituzte. Bi urrats dira, baina helburu bakarrarekin: lurgune euskalduna sendotzea eta euskararen indarberritzea hauspotzea".

UEMAko lehendakariak azaldu du azaro amaieran egingo dutela publiko dinamikaren emaitza. Izan ere, euskara suspertzeko egitasmo berria UEMAko 120 udalerrietara zabalduko dute bihartik aurrera, udalekin lankidetzan.

Anuska Esnal Orioko alkatea, gaurko hitzartzearen une batean. (Onintza Lete Arrieta)

Aramendirekin batera Anuska Esnal Orioko alkateak hartu du hitza agerraldian, baita Ainhoa Urien Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Ana Urkiza Bankoa Abancako euskara koordinatzaileak ere. 

Esnalek bertan elkartu diren eragileen eta horiek hartutako konpromisoen garrantzia azpimarratu du. "Indarguneak eta argi izpiak baditugun arren, euskarak arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan bizi duen egoerak kezka eta ardura sortzen dizkigu", esan du, eta gaur Orion elkartu diren eragileak "konpromiso eta norabide berean eragiteko borondatearekin" daudela nabarmendu du. Aurkezpena amaitu ondoren, Esnalek gogorarazi du Oriok arnasgune izateari utzi diola, baina baikor agertu da, uste duelako egoera hori irauli daitekeela gaurkoa bezalako egitasmoekin. 

UEMAko lehendakariak, berriz, azaldu du UEMAk kezka handia duela datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbeherarekin, eta arduraz bizi duela azken ikerketek hurrengo urteotarako aurreikusten duten galera. "Guk argi dugu arnasguneak eta lurgune euskaldunena giltzarriak direla euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa dela, euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen". 

Bertsozale Elkarteak lehen txinparta

Aramendik kontatu du Bertsozale Elkartea izan dela egitasmoaren aitzindaria, lehen txinparta piztu zuena. UEMAren eskariz Siadecok egindako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria, 2036. proiekzio demolinguistikoa ikerketa aurkeztu zuten iaz. Besteak beste, eremu euskaldunenaren gainbehera aurreikusten du ikerketak, arnasguneak ia desagertzeraino. "Hura ikusita, eta ondorioekin oso kezkatuta, Bertsozale Elkarteak bilera eskatu zion UEMAri, eta egoerari buelta emateko udalerri euskaldunetan bere esku zegoen guztia egiteko prest agertu zen, hartu beharreko konpromisoak hartuta", azaldu du.

Bertsozale Elkartearekin lankidetzan egin zezaketen bidea aztertzen hasitakoan, beste hainbat eragile ere oso kezkatuta eta zerbait egiteko prest zeudela ohartu ziren, eta horrela sortu da dinamika berria. 

Bertsozale Elkarteko lehendakari Ainhoa Urienek azpimarratu du "bertsolaritza zerbait baldin bada, euskarazko jarduna" dela, eta horregatik beren esku dagoen guztia egiteko konpromisoa daukatela, UEMArekin batera, "euskararen lurgunea sendotzeko". Datozen bost urteetarako hartutako konpromiso zehatzen berri ere eman du Urienek: esaterako, UEMAko udalerri guztietako ikasleek Hezkuntza Arautuan bertsolaritzako eskolak jasotzea, eta beharraren araberako saioak edo formazioak eskaintzea UEMAko kide diren udalerrietan. Gizarteari begirako konpromisoak ez ezik, elkarte barrura begirakoak ere hartu dituztela ere jakinarazi du.

Hemezortzi eragileak

Konpromisoak hartu dituzten hemezortzi eragileen izenean, azkenik, Bankoa Abancako Ana Urkiza euskara koordinatzaileak hartu du hitza. "Gaur hemen bildu garen erakundeok, nork bere konpromisoak hartu ditu, nork bere errealitate, ibilbide eta baliabideen araberakoak. Baina guztiok ere, borondate batek mugitzen gaitu: bizi dugun egoerari buelta ematekoak. Gure herrian, gure herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea egiazko bihurtu dadin bultzatzeak".

Bankoak konpromiso zehatz bat hartu duela kontatu du Urkizak: beren bulegoetan, herritarrek, "etxean bezala, modu naturalean euskaraz aritu daitezkeela sentitu dezaten eta aritu daitezen eragitea". Gaineratu du herritarrak ahaldundu daitezen nahi dutela, diruari buruz euskaraz aritzea "naturala" dela sentitu dezaten. "Euskaraz bizi nahi dugulako gure bizitzako eremu guztietan. Eta finantzez, ekonomiaz, zenbakiez… euskaraz jarduteko prestatuta gaudelako", esan du.

Pausoak elkartuta eta norabide berean ematearen garrantzia azpimarratuz amaitu du hitzartzea: "Kezka eta ardura uztartuta, euskara arnasgunerik gabe gera ez dadin, konpromisoak hartzeko prest agertu garen eragileak gara hemen gaudenak. Bakoitza bere alorrean ari da lanean, eta sinetsita gaude pizkunde berri baterako oinarriak jar ditzakegula denon artean".

Hauek dira hemezortzi eragileak:

  • AEK
  • Bankoa Abanca
  • Bilgune Feminista
  • Cederna-Garalur
  • ELA
  • Euskadiko Futbol Federazioa
  • Euskaldendak Federazioa
  • Euskalgintzaren Kontseilua
  • Euskal Herriko Bertsozale Elkartea
  • Euskal Pilota Federazioa
  • Fagor Taldea
  • Hekimen
  • Ika euskaltegiak
  • Kutxabank
  • Laboral Kutxa
  • LAB sindikatua
  • Lanartea
  • Plazaola

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide