Gaur goizean goiz sartu da bertako aurreneko antxoa Getariako portuan. Kilo antxoa 3,10 euroren trukean saldu dute, eta guztira, 18.000 kilo arrantzatu dituzte, Emeterio Urresti Getariako Kofradiako lehendakariak Gukari azaldu dionez.
Urrestik balorazio positiboa egin du, bai prezioaz, bai arrantzatutako kantitateaz. Hark aitortu du ez dela antxoa asko sartu gaurkoan, baina era berean, esan du ohikoa dela hori kosteraren hasiera-hasiera delako.
Moilan bertan dagoen Elkano arrandegian ere pozik ziren, ez baitzuten antxoarik espero gaur. Behin hasita, baina, ekainera bitarte, egunero egotea espero dute.