Albistegia

Hankak lurrean dituzten liderrak

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2026ko urtarrilaren 30a

Orio Eragin eskubaloi klubeko seniorren taldea aurten igo da Euskal Ligara, eta ia partida guztiak irabazita, lider dira bigarren itzuliaren hasieran. Emaitzez eta helburuez hitz egin dute Maria Azkue kapitainak eta Sara Mujika jokalariak Guka Telebistarekin. 

Orio Eragin eskubaloi klubeko seniorren taldea –Zuhegan Orio– sekulako denboraldia egiten ari da igo berri diren Euskal Ligan. Sailkapenean lider jarrita hasi dute ligako bigarren buelta, joan den asteburuan zarauztarren aurkako derbia irabazita (31-27 emaitzarekin).

Maria Azkue taldeko kapitainak kontatu du partida "uste baino hobeto" joan zela, eta uste du derbia izateak ere bere pisua eduki zuela. "Batzuei gustatzen zaizkigu derbiak, beste batzuei ez, baina emaitza aldeko atera da, eta uste dut beti dela pozgarria derbi batean gailentzea", gaineratu du.

Aurreneko bueltan ere lehenengo postuan ibili dira ia jardunaldi guztietan, baina azken partida galdu egin zuten Oñatin, eta bigarren postura jaitsi ziren. Izan ere, estu-estu dago sailkapenaren goialdea; puntuz berdinduta daude Zuhegan Orio Eragin, Ereintza eta Berango-Urduliz. Asteburu honetako partida, gainera, bizkaitarren kontra izango dute, etxean.

Sara Mujika jokalariak uste du nahiko partida zaila izango dela, baina argi du garrantzitsuena ahal den neurrian beren jokoa egitea izango dela: "Entrenamenduetan landutakoa partidara eramatea lortzea izango da inportanteena".

Ligan finkatzea

Emaitzak aldekoak izaten ari dira eta oriotarrak "gozatzen" ari dira entrenamenduekin nahiz partidekin, baina Azkuek eta Mujikak argi dute taldearen helburua ez dela berriz ere mailaz igotzea, maila berrira egokitu eta bertan finkatzea baizik. "Entrenatzaileak garbi du garrantzitsuena egiten ari garen lanketa dela, horretan segitzea eta maila hori mantentzea, emaitza onekin itsutu gabe. Entrenatzea eta entrenatzea da kontua", esan du Mujikak. "Emaitza onak lortu ditugu orain arte, baina gerta zitekeen kontrara ere, eskubaloian partida bakoitza mundu bat izaten delako eta azken unera arte emaitza alda daitekeelako", gaineratu du.

"Taldearentzat ez zait onena iruditzen pausoak hain azkar ematea. Uste dut liga honetan finkatu egin behar dugula, eta momentuz behintzat, hau dela gure tokia", iritzi dio kapitainak.

Harentzat "entrenamenduekin gozatzea" da gakoetako bat, eta hala ari dira, nahiz eta orain gutxi jokalari dezente lesionatu zaien. "Kapitain bezala, lesioak tarteko, une honetan taldea ez dut sasoi onenean ikusten, batez ere animo aldetik, orain gutxi bi jokalarik belauna puskatu dutelako eta beste bi orpoko eta sorbaldako minekin dabiltzalako".

Denboraldi luzea oraindik

Bigarren buelta hasi berria da, eta oraindik urrun ikusten dute ligaren amaiera. Baina lider egonda presiorik sentitzen duten galdetuta, Azkuek dio baietz. "Jendeak presio pixka bat sartzen digu, aurrenak goazenez ea igotzeko asmoa dugun jakin nahi duelako. Baina guk hankak lurrean ditugu, inondik inora ez da hori helburua, eta igoera fasea jokatzera iritsiz gero, ahalik gehien gozatuko dugu, baina kito".

Dena den, fasea jokatuz gero, "partidak irabaztera" aterako direla gaineratu du Azkuek; "ez dugu gezurrik esango", zehaztu du, irribarretsu.

Mujikak, berriz, ez du presiorik sentitzen, "helburua argi dagoelako", eta "helburua da lana ondo egitea".

Ligaren hondarrera emaitza hauekin iritsiz gero, igoera fasea jokatuko lukete, eta hori posible ikusten dute, baina ez zilarrezko mailara igotzea, igoera fasea bera "oso gogorra" delako. "Oso liga berdindua da hau, bai sailkapenaren goiko partean, bai beheko partean", kontatu du kapitainak, eta horregatik, uste du "edozein partidatan edozer gauza" gerta litekeela.

Denboraldi amaierara nola iritsiko diren jakin ez arren, aitortu dute orain urtebete ez zutela imajinatu ere egiten Euskal Ligara igo orduko lider ibiliko zirenik, baina beti bezala, hankak lurrean ditu taldeak. "Ez genekien zer aurkituko genuen liga honetan, eta guk betiko dinamikari eutsi genion, pixkanaka lan egiten", azaldu du Mujikak.

Partida bakoitzean "zerbait berria" ikasten dutela ere esan du, talde guztiak daudela borrokarako, eta Zuheganek bere lanari eusten diola.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide