Albistegia

Emandako maitasun guztia bueltan jaso dute Orioko eguneko zentroko langileek

Onintza Lete Arrieta eta Urtzi Oteiza 2026ko urtarrilaren 17a

2025eko Herri Aitortza eguneko zentroko langileentzat da, eta atzo egin zuten omenaldi ekitaldia Kultur Etxean. Langileek hunkituta jaso zuten aitortza, eta zaintza lanak maitasunarekin, alaitasunarekin eta gertutasunarekin lotu zituzten. Zaintza publikoa aldarrikatu zuten, eta Orioko Udala zaintzaren alorrean egiten ari den lana goraipatu zuten. Rakel Irusta eta Arantxa Aginaga langileek hitz egin zuten Guka telebistarekin ekitaldia amaitu berritan. 

Aitortza goxoa eta polita jaso zuten atzo Orioko eguneko zentroko langileek Orioko Udalaren eta herritarren eskutik. Haientzat izan da 2025eko Herri Aitortza, eta atzo iluntzean egin zuten Kultur Etxean omenaldi ekitaldia. 

Musika Eskolako hiru kidek eskainitako doinu ederrekin hasi zen ekitaldia, eta jarraian Saioa Iraola eta Adrian Garcia udal teknikariek hartu zuten hitza. Beraiek gidatu zuten saio osoa. Zaintzaren garrantzia azpimarratu zuten, udala zaintzaren inguruan egiten ari den lana kontatu zuten, eta Herri Aitortzari dagokionez, azpimarratu zuten epaimahaiak aho batez erabaki zuela 2025eko saria eguneko zentroko langileei ematea. Herriko lau eragile izan dira epaimahaiko kide: Herrio natur taldea, OriaBizi elkartea, Orioko Txaranga eta Orioko Surf Taldea. Epaimahaiko kideen ustez, zaintzaileek egunerokoan egiten duten "lana eta esfortzua lehen planora ekarri" behar dira, "are gehiago, isilpean geratu ohi delako". Zaintza lanak "ezinbesteko" ditu gizarteak, "bizitza osoan zehar zainduak garelako, eta garrantzitsua da lanok elkarrekiko arduran oinarritzea. Historikoki, gainera, zaintzaileak emakumeak izan dira, bai etxeko lanetan, baita zaintza lanak merkaturatu direnean ere, eta lanok gutxietsiak izan dira gizartean".

Maitasuna eta alaitasuna

Omenduek beraiek ere hartu zuten hitza, eta haietako lau oholtzara igo ziren Iraolaren eta Garciaren galderei erantzuteko. Zaintza maitasunarekin eta alaitasunarekin lotu zuten, eta azpimarratu zuten beren lana gogorra den arren, asko jasotzen dutela aiton-amonengandik eta haien familiengandik. "Aste honetan, ezagutzen ez nuen pertsona bat etorri zait kalean, eta zoriondu egin nau sariagatik, eta besarkada eman dit", kontatu zuen langileetako batek adibide moduan. 

Aldarrikapenik ere egin zuten, zaintza "negozioa ez izatea" eskatuz, eta zaintza publikoa defendatuz. Orioko Udala azken urteetan zaintzaren inguruan egiten ari den lanketa ere goraipatu zuten, baita eskertu ere. 

Anuska Esnal alkateak hitzartze ederra eskaini zuen omenduen lanari aitortza eginez –abestu ere egin zuen tarteka– eta Errikotxia bertso eskolako kide batek hiru bertsotan goraipatu zuen eguneko zentroko langileen eta zaintzaren garrantzia. 

Ekitaldiaren amaieran omendu guztiak igo ziren oholtzara, eta Elene Tamayok bereziki eurentzat egindako koadroak jaso zituzten opari, baita lore sortak ere, alkatearen eta Noemi Ostolaza EAJren zinegotziaren eskutik. Harribil dantza taldeko bi kidek Agurra eskaini zieten, eta langile bat baino gehiago hunkitu zen. 

Kultur Etxeko aretoan bertan elkarrekin mokadua hartuz amaitu zen aitortza ekitaldia. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide