Anjel Lertxundi idazlearen ibilbide literarioa saritu zuten larunbatean Kutxa fundazioaren Irun Literatur Sarietan. Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta haur eta gazte literaturako Galtzagorri elkarteak osatutako epaimahaiak proposatu zuen Ibilbide Saria Lertxundiri ematea, eta larunbatean jaso zuen aitortza oriotarrak.
Sarien 46. edizioan euskarazko nahiz gaztelaniazko eleberri eta olerki lan onenak saritu zituzten. Euskarazko eleberriaren saria Garazi Kamio andoaindarrak eskuratu zuen, Moebiusen ertzak lanari esker; eta euskarazko olerkiarena, berriz, Karlos Linazasoro tolosarrak, Bazter utzietan lanarekin. Gaztelaniazko literatur lanen sariak, bestalde, Mario Marin huelvarrak eta Maria Casado madrildarrak eskuratu dituzte.
Euskarazko lanak Elkar argitaletxeak kaleratuko ditu, eta gaztelaniazkoak Reino de Cordeliak. Saritutako eleberrien egileek 20.000 euro eskuratuko dituzte, eta olerki lanenek, berriz, 15.000 euro.
Lan horiez gain, epaimahaiaren aitortza jaso zuten Txema Garcia-Vianaren Bidaiak, laztanak eta orbainak euskarazko eleberriak nahiz Maite Lopez Las Herasen Oren hilak poesia lanak.