Ondo merezitako saria

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2025eko azaroaren 25a

Anjel Lertxundi, aldaparen behealdean, eta kamera bat, hura filmatzen, atzo Orion. (Onintza Lete Arrieta)

Iñaki Iturain Irun Literatura sarien banaketa ekitaldian izan zen larunbatean. Anjel Lertxundik Ibilbide Saria eskuratu zuen, eta ekitaldi hartan bizi izandakoak ekarri ditu Iturainek lerrootara.

Pasa den larunbatean, azaroaren 23an, Kutxa fundazioaren Irun Literatura sariak banatu zituzten hango Udal Musika Eskolan. Bost sari banatu zituzten; haietako lauk oraingo literatur lanak saritu zituzten: euskarazkoak bi, olerkien eta eleberrien alorrean; eta beste bi, gaztelaniazkoak. Bosgarren saria, berriz, bestelakoa zen, bizitza osoko ibilbide literarioa saritu nahi izan zuten: Ibilbide Saria Anjel Lertxundi idazle oriotarrari eman zioten.

Orioko bizilaguna den Maitena Salinasek aurkeztu zuen sari banaketa saioa. Idoia Santamaria itzultzaileak eman zien aretoa betetzen zuten entzuleei Lertxundiren ibilbide literarioaren berri. Euskal literaturari eta, oro har, literatura unibertsalari egindako ekarpena zer-nolakoa izan den adierazi zuen, Lertxundiren idazle kuttunak eta bere liburuak aipatuz. Otto Pette nabarmendu zuen beste guztien gainetik, euskal prosa literarioari emandako aberastasuna azpimarratuz.

Santamariak, literaturari buruzko aipamenak egin ostean, ez zuen ahaztu Lertxundiren gizatasuna: "Beti eskuzabal, artista jendearen ego puztu samarraren antipodetan, denak berdin tratatuz, zahar zein gazte, hasiberri zein eskarmentudun, gure urterik ilunenetan duin eta tente beti, aho-bilorik gabe ahoz zein idatziz".

Santamariaren azalpenen ondoren, Lertxundik berak hartu zuen hitza. Bere atzean, agertokiko pantaila handian, eskuan idazteko luma estilografiko bat zeukan urtebeteko Anjel haurraren argazkia ageri zela. Lertxundik txiki-txikitatik hizkuntzarekin eta literaturarekin egin duen bizitza osoko bidaia xehetu zuen. "Non hasten da artista baten ibilbidea?", galderari erantzunez, Orioko bere haurtzaroko kontuak ekarri zituen gogora. Hasteko, esan zuen argazkiko estilografikoa argazkilariarena zela, bere etxean ez zegoelako horrelakorik. Gero, bere lehenengo irakurketa literarioak aipatu zituen: erdarazko liburu gutxi batzuk eta Basarriren bertsozko bat besterik ez zegoen etxean, irakurtzen zituen txisteak (tebeoak) eta txokolatea biltzen zuen paperean idatzita zetozen ipuinak.

Kontatu zuen nola behin lagundu zion izebari Orioko etxe batera, esne banaketan. Kas-kas atea jo eta nork irekiko, eta eskolako bere orduko maisuak, eta orduan jakin zuela maisu hura euskalduna zela, goierritarra, eta bazekiela euskaraz. Azaldu zuen 10 urterekin Zarautzera joan zela familia osoa, bost kilometro besterik ez, baina bidai luze samarra berarentzat. Han jabetu zen hango euskara ez zela bere jaioterrikoaren berdina, eta egin zuen bere kabutan halako konparaketa linguistikoa: Orion plaia zena Zarautzen kosta zen; Orioko izeba, Zarautzen izeko; gure aurki arte, han laster arte... Konturatu zen, baita ere, Zarautzen Orion baino gehiago hitz egiten zutela gaztelaniaz, eta batzuek barre egiten zutela Orioko bere euskararen kontura: "Orioko pikok bi errealekok".

Eta nola behin Zarauztik bisitan etorri ziren bere amaren jaiotetxera, Orioko Etxeberri baserrira, eta han, nola osaba Nikolasek esan zion "motel, motel, herdoiltzen ari zaik euskara", eta nola barru-barruraino sartu zitzaizkion hitz haiek, eta bere buruari agindu zion osabak ez zuela aukerarik izango berriz hori aurpegiratzeko. Geroztik ez da behin ere gelditu bere hizkuntza lantzeko bidean eta bere inguruan ezagutu zuen euskarazko ahozko ingurune aberatsari euskarazko hizkera literario landu bat eransten.

Txikitako kontu horien denen ondoren, gogora ekarri zituen seminarioan igaro zuen garaiko oroitzapenak: frankismoa, errepresioa, grebak, manifestazioak, Burgosko epaiketa, kontzilioa, sekularizazioa, euskal kulturaren arnasgune berriak, orduko idazleak –Aresti, Gandiaga, Azurmendi, Lekuona–... Gero, Erroman igarotako urtea; hark nola markatu zuen eta handik itzulita nola plazaratu zuen bere lehen liburua, eta garai hartatik gaur egunera zenbat aurreratu duen euskal literaturaren unibertsoak.

Ondo merezitako saria jaso zuen larunbatean Anjel Lertxundik.