Irailean agurtu zuen herriak hamarkada luzez herriko frontoia izan dena ekitaldi hunkigarria eginda. Hasiera batean urri erdialdera ziren eraiste lanekin hastekoak bertan etxeak eta zenbait azpiegitura egiteko, tartean baita frontoi txiki bat ere, baina egun batzuk atzeratu dira lanak. Iritsi da eguna, ordea. Bihar, astelehena, erabat itxiko du frontoia udalak, eta desmuntatze eta eraiste lanei ekingo diete astean zehar.
Ospele pilota elkarteko kideek atzo arratsaldean jokatu zituzten azken partidak: pilota eskolako neska-mutilek eduki zuten pribilegio hori.

Euskadi Irratiaren bisita
Orioko frontoiak agur bat baino gehiago jaso du azken hilabeteetan, esanguratsuenak herriak egindakoa eta Iñaki Iturain historiazaleak ekaineko Aia-Orio Guka aldizkarian egindako erreportaje mardula. Pasa den urriaren 23an, berriz, Euskadi Irratiaren bisita jaso zuen pilotalekuak. Eguerdian zuzenean aritu zen Asier Odriozola kazetaria Juan Mari Itxaso, Luis Azkue eta Iñaki Iturainekin, horiek elkarrizketatuz frontoiaz eta horren agurraz.
Irratsaioa esteka honetan dago entzungai.