Herri eta kultura guztiek dauzkate gainerakoekiko ezaugarri bereizgarriak. Euskal Herriak, euskararekin batera, pilota jokoa eta pilotalekua ditu nabarmenenak: aisialdia, kirola eta lehiaketa ulertzeko modu berezi bat.
Orioko frontoiak pilotari bikainak eman ditu 1919an eraiki zenetik. Pilotalekuaren orain arteko 106 urteko historian, asko izan dira lehenengo urratsak han emandako pilotariak. Haietako batzuek, gainera, ofizio bihurtu zuten beren afizioa.
Oriok 1977ko maiatzaren 21ean inauguratu zuen frontoi eraberritua, teilatua eman eta zaharberritze lan handia egin eta gero. Horrekin batera, liburuxka labur baino mamitsu bat zabaldu zen herrian, Luis Azkue orduko kirol zinegotziak osatua, frontoiaren historiaren eta handik atera diren pilotari ezagunenen berri emanez. Handik hartuak dira idatzi honetako datu asko, eta herriko pilota elkarteko buru Ibon Aranaldek emanak beste asko.
Errebotean eta zesta puntan, hainbat pilotari eman zuen Oriok, gehienak erremontean. Erremontarien artean, bi multzo bereiz daitezke: 1936ko gerra aurretik jaiotakoak, eta gerra ondorenekoak. Gerra aurrekoek, gertu samarreko frontoietan jokatu zuten, baina oso urrutikoetan ere bai: Donostiako Moderno, Urumea eta Jai Alai, Bilboko Euskalduna, Iruñeko Jai Alai, Logroñoko Jai Alai, Madrileko Frontón Central eta Recoletos, Bartzelona, Mallorcako Palma, La Habana, Tijuana, Manila...
Azkueren liburuxkan aipatutakoetan Ramon Salsamendi da lehena, Orioko tigrea (1891-1964) Kuban zesta puntan ibili eta gero etxeratu eta erremontean aritu zena. Ondoren, beste hauen berri ematen du Azkuek: Jose Aranguren, Frantzisko Atxaga, Gabriel Salsamendi, Joakin Alberdi, Bitoriano Solaberrieta, Manuel Urdangarin, Juanito Iturain, Ramon Uranga, Migel Salsamendi, Joakin Loidi, Juan Loidi, Antonio Iturain, Joakin Salsamendi, Martzelino Zaldua, Joakin Fresnedo, Jose Mari Salsamendi, Jose Migel Lasa eta Jose Zaldua (1928-2003).
Galarretako miraria
Gerra ondoren jaiotakoek Hernaniko Galarreta frontoia ezagutzeko zoria izan zuten: 1970. urtean zabalduta, ia etxean bertan jokatu ahal izan zuten. Donostiako Gros auzoan zegoen Urumea frontoiak erremontearen urte oparoak izan zituen, baina 50eko eta 60ko urteetan krisi larrian sartu eta 1968an itxi egin zuten, Madrileko Recoletos eta Iruñeko Euskal Jai bezala.
Egoera horretan, erremontea hiltzear, oriotar kuadrilla batek Galarretaren proiektua jarri zuen martxan: 20 mila koadroko eremua erosi eta frontoia eraikitzen hasi ziren 1969an. Erremontari profesionalak bildu eta Beran jokatzen hasi ziren astean behin. Euskal Jai erosi eta berriz ere martxan jarri zuten 1969ko udazkenean, eta 1970eko ekainaren 13an Galarretak ateak zabaldu zituen. Aurreneko jaialdiko erremonte partidua Pablo Lekunberri eta Jose Mari Salsamendik (45 urte) jokatu zuten, Raulen eta Arbizuren aurka; 29nako berdinketarekin amaitu zen.
Galarretak lehen urteetan Orioko auzo bat ematen zuen, aktore gehienak oriotarrak ziren eta. Proiektuaren sustatzaile: Eugenio Azkue, Jose Anjel Erzilla, Iñaki Lasa...; intendente: Jose Mari Salsamendi; artekari nagusi: Joxe Zaldua eta Jose Parada; partiduetako epaile: Jose Aranburu Xapatero, eta gero haren seme Julian Ramon eta Eugenio; eta pilotari asko. Aipagarria da, kasu askotan, bi anaia izan zirela pilotari: Jesus Mari (1949) eta Juanito Lizaso, Bixente eta Juan Migel Azkue, Iñaki eta Luis Sarasua, Juan Karlos eta Juan Kruz Intxauspe, Julian Ramon eta Eugenio Aranburu, Jose Mari eta Jesus Mari Urretabizkaia...; eta horiez gain: Migel Olasagasti, Salvador Tarantino, Jesus Mari Atorrasagasti... Gerora berriak ere izan dira: Borja Agirresarobe, Iker Brit...
Iñaki Sarasuak askotan jokatu du, bera atzelari eta aurrean Juan Karlos Intxauspe zuela. Iñakik aitortzen du Juan Karlos garai hartako pilotari onenetakoa izan zela, sen handienekoa.
Aro bikaina izan zen hura Orioko pilotari eta pilotazaleentzat. Hala ere, oro ez zen urre izan. Garai hartan ez zuten behar bezala entrenatzen, beroketak eta gihar luzaketak-eta egin ere ez, eta horrek adinarekin ondorio kaltegarriak ekarri dizkie gorputzean haietako batzuei; bestetik, diru asko jokatzen zen apustuetan, eta horrek presio handia zekarkien pilotariei, ikusleen aldetik oihuak eta hitz itsusiak ere bai.
Herri mailako pilotariak
Batzuei harrigarri egingo bazaie ere, pilotari horiek denak, afizionatu izan ziren bitartean, Orioko Arraun Elkartearen izenean eta babesean aritu ziren pilota jokoan. Garai batean CRO Orioren parte bat izan zen pilotaren atala, eta beste kirol batzuetan berdin. Arrauna zen herriko kirol nagusia, inportanteena, eta ondoen antolatutakoa.
Afizioa ofizio bihurtzera iritsi gabeko pilotari asko ibili da Orion, eskuz eta paletaz nagusiki. Eskuz, Joxe Lukas goraipatzen dute batzuek, oso pilotari fina omen zen. Josekutx eta Joxe Aranburu Xapaterok osatutako bikotea ere gogoratua da. Luis Azkuek gogoan izan zituen profesionaletarako jauzia eman gabe, afizionatu moduan Orioko frontoian jokatu zutenak; heroi anonimo izendatzen ditu: Xerore, Uxkun, Aranburu, Erkizia, Frias, Lukas, Mantzisidor, Zubizarreta, Oliden, Urkizu, Exposito, Miera, Manterola... Gerora, Migel Illarramendi eta Migel Berasaluze eta, azken urteotan, Juanjo Polo ere nabarmendu dira.
Gaur egun, 2021etik, Orioko pilota elkarteak Ospele KK du izena, eta kirol klub independentea da. Ibon Aranalde da klubaren presidentea. Haren aurretik Juan Mari Itxaso (1977-1998), Iñigo Tapia, Aimar Galarraga eta Aritz Lertxundik ere izan dute pilota elkartearen ardura. Orain Ospele da frontoiko pilota-giroa sustatzeaz arduratzen dena, hari esker, neska-mutil asko dabil pilotan, eskuz jeneralean; helduetan lau dabiltza eskuz, eta Aritz Lertxundi palaz.
"Utzi tokia euskal pilotari! Gogoratu, pilotalekuan pilota-jokoek dute lehentasuna! Pilotan aritzeko tokia pilotalekua da!". Horixe dio frontoian dagoen kartel batek. Hori adierazteko premia sentitu duten seinale!
Pilotaren aldeko batzuen lana
Oriok 16 aldiz parte hartu du eskuz Gipuzkoako herriarteko txapelketan, 1970ean lehen aldiz eta 2017an azkenekoz, Asteasuren kontra. Edizio horietan denetan gogotik saiatu izan diren arren, 2002tik hona ez dute lortu lehen kanporaketa gainditzerik. Nolanahi ere, frontoia estali zenetik lan handia egin dute herrian euskal pilota sustatzen. Aurtengoa (2025) 53. edizioa du sanpedrotako haurren pilota txapelketak. 2023-24 denboraldian 73 pilotari aritu ziren klubean pilotan, haur eta nagusi. Erraz esaten da! Pilota egokitua Zarauzko kirol elkartean lantzen dute, aurtengo apirilean Joseba Altunak txapela jantzi du paletako Master Cup txapelketan. Eskuz, batzuk profesional izatetik oso gertu ibili dira. Aurten bertan oso maila altuan jokatzen duten pilotariak dabiltza eskuz: Aratz eta Enaitz Oliden edo Joseba Aranburu. Aratzek DV txapelketa irabazi zuen 2017an eta 2023an kluben arteko Espainiakoa. Ibon Aranalde Gipuzkoako buruz buruko txapelduna izan zen 2012an.
Eneko Galarragak afizionatutan askotan jantzi du txapela, Gipuzkoako txapelketan, Donostiako Antiguakoan, GRAVN federazioen artekoan..., oraingo pilotari oso ezagunekin aritu zen lehian: Ezkurdia eta Zabaleta, adibidez. Palaz, Tibur Etxeberria, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazita, munduko pilota batzarreko txapeldun izatera iritsi zen San Franciscon, binaka. Axier Lizarralde izan da Oriok oraingoz eman duen erremonteko azken pilotaria; afizionatutan oso maila onean ibili zen eta Gipuzkoako txapela jantzi zuen, nahiz eta ez debutatu.
Gaur egun hiru entrenatzaile dabiltza lanean: Andoni Curiel, Joseba Aranburu eta Ibon Aranalde, adin eta talde bakoitzari egokitutako entrenamendu pertsonalizatuak eskaintzen dituzte, haurren prestakuntza ahalik eta egokiena izateko. Infantilentzat eskuz binakako Imanol Ibarguren Memorialaren 3. edizioa jokatu da, Imanol gogoan. Aurreko denboraldian neskentzako paleta modalitatea lantzen hasi ziren. Maite Redondo izan zen aitzindari Orion nesken pilota munduan, eta aurten Gipuzkoako Federazioak omenaldi bat egin dio, beste herri batzuetako neska pilotariei bezala.
Herrian pilota giroa pizteko, sanikolasetan kanpotik ekarritako pilotari profesionalekin ere antolatu izan dituzte jaialdiak; Orion izan dira Titin III, Mikel Goñi, Oinatz Bengoetxea, Merino anaiak...
Frontoia eraitsiko dute
Aurten bertan frontoia eraistekotan dira. Berria egiteko bi aukera omen daude: bata, Zaragueta ikastetxearen ondoko eremuan, San Juan ermitaren pean; eta bestea, Bikamiota ondoko palotetan. Badirudi herritarrek aukera izango dutela bietako bat hautatzeko. Eraiki bitartean Zaraguetako eskolako frontoian ibiliko dira herriko pilotariak.
Ospele pilota elkarteak behar bezalako agurra egin nahi dio frontoi zaharrari. Horretarako, jaiegun handi bat ospatu nahi du, Jai Alai bat, eta bizirik diren Orioko pilotari guztiak elkartu herriko frontoian, eta historiarako geldituko den argazkia egin.
Igeldoko pilotalekuaren aurreko hormaren gainean ondoko hitz hauek daude jarrita: "I pelotari, zintzo izan ari". Mezuarekin hauxe gogorarazi nahi zaio pilotan ari den orori: lehiaren gainetik dagoela arau zein arerioentzako errespetua. Ospele klubetik horretan ari dira: errespetuan oinarritutako kirola sustatzen. Herriko bi ikastetxeetan egin nahi dute lan, pilota jokoari dagokion lekua eta indarra emateko, jolasetik abiatu eta joko garbira iristeko.
Frontoi berriak ekarriko ahal dio pizkunde berria herriko kirolik zaharrenari! Ez adiorik, zaharrari; eta ongi (eta laster) etorri, berriari!