Behin betiko agurtu dute frontoia

Maria Maya Manterola 2025ko ira. 28a, 12:30

Pilotaren bueltan aritutakoak, hasiberriak eta, oro har, herritarrak izan ziren protagonista ehundik gora urteko frontoia agurtzeko ekitaldian. Urrian eraitsiko dute.

Agurtu dute Orioko frontoia. Atzo iluntzean dozenaka herritar elkartu ziren han, eta 106 urteko herriko frontoiari agur bero eta hunkigarria eskaini zieten. Bertan izan ziren Ospele pilota elkartean urte luzez boluntario aritu direnak, pilotan hasiberriak, udaleko ordezkariak nahiz herritarrak, eta beraiek izan ziren agur ekitaldiko protagonistak. 

Jon Agirresarobe Torrotxo-k egin zituen aurkezpen lanak, Xabier Iribarrek bertsoz frontoia agurtu ondotik. Tanto onenen errepikapenik ezin izan zen ikusi atzokoan, baina frontoia ehundik gora urteetan zer izan den gogora ekarri zuten. "Frontoiak herrian izan duen garrantzia kontatzeko pertsona egokiak bildu ditugu, ahots kolektiboak. Atzeko pareta zaharrak hitz egingo balu... Hitz egin dezatela oriotarrek", hasi zuen ekitaldia Torrotxok. Beñat Gerekak azken hilabeteotan udalaren enkarguz ondutako dokumentala bota zuten jarraian –aurki ikusi ahal izango da Orioko Udalaren webgunean–. 

Oholtzan ezarritako sofara gonbidatu zituen Torrotxok Ospele elkartearen bueltan aritutakoak, tartean, Luis Azkue sortzailea eta Ibon Aranalde gaur egungo presidentea. "Agur gazi-gozoa" izan zen Aranalderentzat atzokoa, aipatu zuenez. Gustura zegoela esan zuen, batetik, frontoiak asko eman duelako eta jendea elkartu duelako, baina triste eraispenagatik. Torrotxok galdetu zion zer lan eskatzen duen pilota sustatzeak. Aranalderen hitzetan, "ez da lan erraza": "Frontoiaren egoera ez da onena izan azken urteetan, garbitasunaren aldetik ere komeriak izan ditugu. Gainera, bakarkako kirola da, eta euskalduna: gogorra, alegia". Etorkizunera begira, orain pilotak "momentu kritikoak" bizi arren, esperantza piztuta mantentzen du Aranaldek frontoi berria izango duten garairako. 

Txapa, oroigarri

Pilotaren bueltan herrian urte luzez aritutakoen lana eskertzeko, frontoiaren txapa zatiarekin eginiko oroigarria eman zieten gero. Torrotxok banan-banan deitu zituen, eta oholtza gainean jaso zituzten oroigarri horiek. 

Anuska Esnal alkatea deitu zuen jarraian aurkezleak. Hunkituta agertu zen Esnal, "frontoiak eman duenarengatik": "Jakitun naiz zenbat jenderi mugitzen zaion bihotza, baina beste aldean korapilo potolo bat dago: 2007tik ordenazioz kanpo dago frontoia eta inguru guztia". Azaldu zuen ulergarria dela pilota elkarteak beldurra izatea eraisketari, baina beste aldean daudela bizilagunak. 

Beste frontoi bat egingo dute bertan, txikiagoa, alkateak iragarri zuenez. Eta orain arte berria ez eraikitzearen arrazoia ere argitu nahi izan zuen: Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketa batzuk egin beharra lehenago. Izan ere, HAPOaren arabera, Zaragueta aldameneko partzelan soilik eraiki daiteke frontoi berria. Beraz, plan orokor berria garatu behar da lehendabizi; behin betikoa abenduan indarrean egotea espero dute.

Azken tantoak, txikienek

Ospeleko pilotari gazteen eskutik etorri zen ekitaldiko une hunkigarriena. Eskuz batzuk, palaz besteak, azkenengo tantoak egin zituzten, ikusleen txalo artean. Gero, frontisari begira eta txistu eta danbolinez lagunduta aurreskua dantzatuta agurtu zuten behin betiko frontoia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide