Hegaldi seguruagoa iritsi da, azkenean

Julene Sorarrain eta Gorka Eizagirre 2025ko urr. 16a, 10:15

Parapentezaleak "gustura" daude Orion lurra hartzeko egokitu dieten eremu berriarekin. Erabakiak, ordea, zeresan handia eman du EAJ eta EH Bilduren artean. Eremu berriaren inguruko azalpenak eman dituzte Iñigo Urrutikoetxea parapente irakasleak eta Jon Arruti Euskadiko Aire Kirol Federazioko lehendakariak.

Orioko Udalak maiatzean aurreratu bezala, parapentezaleek eremu berri bat dute herrian lurra hartzeko uda hasieratik. Hain zuzen ere, kirol portuaren ondoko berdegunea egokitu diete, "zaleen arriskua gutxitzeko eta kirolarien eta oinezkoen arteko bizikidetza hobetzeko" asmoarekin. Proba pilotua den arren, hegalari askok dagoeneko beren onespena eman diote, tartean Iñigo Urrutikoetxea parapente irakasleak.

Urte asko daramatza donostiarrak Orioko zeruan zehar alde batera eta bestera. Parapentezalea izateaz gain, irakaslea ere bada, eta kirol horretan interesa duten herritar ugari jasotzen ditu bere eskolan urtero, esperientzia bizi dezaten.

Parapentea kirol harrigarria den arren eta oriotar asko dagoeneko ohituta dauden arren parapenteak zeruan ikustera, atzetik lan sakona duen kirola dela aitortu du Jon Arruti Euskadiko Aire Kirol Federazioko lehendakari zarauztarrak; izan ere, zailtasun asko izan dituzte kirola erregulatzeko orduan.

Esan bezala, udalak uda hasieran jarri zuen erabilgarri eremu berria, parapentezaleek lurra bertan har dezaten. Klimak eta haizeak asko baldintzatzen duten kirola izanik, hegalariek ezin dute edonon lur hartu, eta azken hilabeteetan erabili duten eremua "aproposa" dela kontatu dute bi adituek. "Proposatu diguten behin-behineko lurreratze eremuak 40 metro koadro ditu, hain zuzen. Batzuek pentsatzen dute oso handia dela, baina airetik beste modu batera ikusten dugu; inguruan dauden belaontzien mastek edota farolek urduritasuna eragin dezakete”, dio Arrutik.

Erabaki berriarekin ados

Uda aurretik, Orion parapentea praktikatzen duten kirolariek Txurrukako zelaigunea edota hondartza alboko lorategia erabiltzen zituzten lurra hartzeko. "Haize garbiena hortik sartzen da, eta erosoena baino gehiago, bide seguruena da. Hala ere, oso kontziente gara udan ezin dugula lurra bertan hartu", azaldu du Arrutik. Alternatiba gisa, udalak eremu berria proposatu zien. Hala, Gipuzkoako Kirol Aire Federazioarekin adostu zituzten baldintzak bertan lur hartzeko; esaterako, erabiltzaileek federatuta egon beharko dute, eta erantzukizun zibileko asegurua indarrean eduki.

Erabaki berriarekin gustura dauden arren, Arrutik aitortu du hegalarientzat "idealena" denboraldi baxuan –urritik apirilera– lurra hondartzan hartzea izango litzakeela, eta uda sasoian, aldiz, lur eremu berria erabiltzea. "Ez dakit adostasun horretara iritsiko garen, baina alkateak badaki gure gogoa zein den", gehitu du zarauztarrak. Esan du uda erdia igaro zuela alkatearekin harremanetan, eta "aldez aurretiko jarrera oso ona" agertu duela esan du, kirola arautzeko edo erregulatzeko orduan. "Debekatzen baduzu, zure eskubidea den arren, aire kirolariek nonbaiten jarraituko dute lurra hartzen, legalki edo ilegalki", azaldu du. Arrutiren ustetan, konponbidea kirola "erregulatzea" da, "nahiz eta horrek askotan beldurra eman, bereziki ezezagunak diren alorretan".

Uztaila amaierako gertakariari dagokionez –parapentezale batek eremu berriaren inguruko bizilagun baten terrazan hartu zuen lurra–, Arrutik azaldu du ikasle berri bati beldurrak eragindako emaitza izen zela. "Une horretan konturatu ginen ez zeudela nahikoa espezifikazio eremu berriaren inguruan. Hortaz, federatuei argibide zehatzak eman genizkien lurra nola hartu behar den jakiteko, eta geroztik, ez da bestelako gertakaririk izan". Halaber, udalak panel berriak kokatu ditu eremuan, kanpotik datozen hegalariak arauen inguruan informatuta egon daitezen.

Aurkako iritziak udalean

Parapentezaleak gustura dauden arren, eremu berriaren egokitzapenak zeresan handia eman du Orioko EH Bildu eta EAJ alderdien artean. Jeltzaleek udan kaleratutako oharraren arabera, eremu berriak "bizilagunen segurtasuna arriskuan jar dezake", eta erabakia berrikustea eskatu zuten. Anuska Esnal alkateak, berriz, azken udalbatzarraren gaitzetsi egin zuen gai honekiko EAJk izandako jokabidea. "Aho batez onartu genuen udalbatzarrean gaia, eta oso pozik nengoen. Ondoren, prentsaren bidez jakin nuen erabakia berrikustea eskatu zenutela. Harridura eragin zidan zuen iritzia modu horretan agertzeak", kritikatu zuen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide