Hasi orduko amaitu dira Goiko Kaleko jaiak, baina egun eta erdian ekintza mordoaz gozatzeko aukera izan dute alde zaharreko auzotarrek nahiz gainerako herritarrek. Atzo zen egun handia, eta adin guztietako herritarrek gozatzeko moduko egitaraua antolatu zuten goizetik gauera. Goizean herri kirolak egin zituzten, eta ondoren, herri bazkari jendetsua. 100 lagun inguratu ziren auzoko parkean egin zuten bazkaritara, eta bazkalondoan gogotik parte hartu zuten bingo musikatuan. 60tik gora abestiren doinuak entzunez aritu ziren lehian.
Bitartean, umeentzat eskulan tailerra egon zen auzoko batek gidatuta, eta irudimenari eraginez, birziklatutako materialarekin era guztietako objektuak sortu zituzten.
18:30 aldera Pilliku plazara mugitu ziren guztiak, talo-jana eskaini baitzuten han Zaragueta ikastetxeko ikasle eta gurasoek. Ilara luzea sortu zen mokadu goxoa eskuratzeko zain. Aukera zabala eskaini zuten, gainera: ohiko taloez gain, barazkidun taloak eta behi saltxitxarenak ere aukeran izan zituzten herritarrek. Aldi berean, festetako ekintza politenetakoa egin zuten: txapel jaurtiketa lehiaketa. Maria Maestraren estatuari buruan jarri behar zitzaion baserritar txapela, eta bakarren bat helburua lortzetik oso gertu ibili bazen ere, inork ez zuen lortu txapela jartzerik hasieran ezarritako distantziatik. Horregatik, antolatzaileek gertuago jarri zuten jaurtiketa marra, eta orduan bai, halako batean, gaztetxo batek lortu zuen Maria Maestraren burua estaltzea ikusleen txalo eta oihu artean. Izan ere, ikusmin handia sortu zuen lehiaketak.
Eguzkia lagun, giro bikaina sortu zen arratsalde partean Pilliku plazan, eta giroak gauera arte iraun zuen, Hereje Fighters taldearen kontzertuari esker. Askotariko bertsioak jo zituen boskote oriotarrak, eta adin guztietako entzuleak erakarri zituzten haiek ere. Gorputzak astinduz eta belarriak goxatuz, Goiko Kaleko festak agurtu zituzten hurrengo urtera arte.