Txupinazoa gaur 18:30erako zegoen iragarrita, baina minutu batzuk beranduago lehertu da festa Goiko Kalen. Pilliku plazara bertaratu direnek, dena den, ez dute aspertzeko motiborik izan, txosna zabalik eta Orioko Herri Ikastolako gaztetxoen eskutik pintxo gozoak baizituzten eskura, baita zuzeneko musika ere.
Herritar asko kalejiran iritsi dira bertara, Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien atzetik, eta plaza goraino bete da festen hasierarako.
Saregile emakumeen etxeko leihotik bota dute suziria, pareko etxerik ez jotzeko kalkuluak egin ondoren. Aurrez, ordea, Unai Loidi Goiko Kaleko festa batzordeko kideak egin ditu hitz batzuk, eta ondoren, irrintzia bota dute bizilagun batzuek.
Loidik kontatu du uda hasieratik hona hainbat bilera egin dituztela eta hainbat buruhauste izan dutela, baina lortu dutela helburua, alegia, asteburuan zehar hainbat jarduera, jolas eta kontzertu antolatzea. Azaldu du txupinazoa botatzeko ohorea aurreko festa batzordekoei ematea pentsatu zutela, "beraiek ereindako hazitik sortu garelako gu". Eskerrak eman dizkie haiei, baita "aktiboki edo pasiboki festetan parte hartuko duzuen guztioi ere. Biba zuek!", esan du. "Denon artean eta guztion laguntzarekin, ziur gaude festa zoragarriak pasako ditugula. Beti ere errespetuz eta lagun hurkoa zainduz. Errespetua da pasahitza", azpimarratu du.
Amaitzeko, elkartasun hitzak izan ditu Palestinarekiko: "Behar-beharrezkoa den elkartasuna nahi diogu bidali Palestinari, duela 80 urtetik jasaten ari den zapalkuntzaren eta etnozidioaren aurka. Bi herri zapalduon arteko lotura inoiz ez delako etengo! Gora Euskal Herria eta Palestina libreak!" esanez amaitu du hitzartzea.
Gaurko eguna Herena taldearen kontzertu akustikoarekin amaituko da (20:30ean hasiko da emanaldia Pilliku plazan), eta bihar egun osoan hamaika ekintzez gozatzeko aukera izango dute auzotarrek eta herritarrek. Honakoa da egitaraua:
Larunbata, urriak 11:
- 11:00. Herri kirolak musika eskolaren eraikinaren behealdean, Joseba Ostolazaren eskutik.
- Ondoren. Bizikleta lehia umeentzat.
- 12:30. Xilografia tailerra. Kamiseta zuria eraman behar du norberak, ondoren gustuko irudia xilografiatzeko bertan.
- 14:00. Goiko Kaleko herri bazkaria, parkean. Tokia beteta.
- 16:00. Bazkaloste musikatua eta haurrentzat eskulanak, parkean.
- 18:00. Desafioa: txapel jaurtiketa, Pilliku plazan.
- 18:30. Talo-jana Zaraguetako ikasleen eskutik.
- 21:00. Kontzertua: Hereje Fighters, Pilliku plazan.