Orioko Goiko Kalen, hau da, alde zaharrean, urteetan egin izan dira festak. Baina azkenak ospatu zituztenetik joan dira urte batzuk. Aurten, horiek berreskuratzea erabaki dute bizilagun batzuek. Auzoan bizi diren gazteak dira, haize freskoa, berria, ekarri dutenak herriko parte zaharrenera. Ilusioarekin batera lanerako gogoa ere jarri dute, eta festa batzordea osatuta, Goiko Kaleko jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan bertan, ostiralean eta larunbatean, hain justu.
Ekiñe Miralles festa batzordeko kideak kontatu dio Gukari zergatik animatu diren festak antolatzera: "Auzoko festek herria asko animatzen zuten, izan ere, bestela ez dago bizitza askorik; janari denda ere itxi zuten jubilazioagatik. Orain gutxi, bizilagun batzuk ohartu ginen gero eta gazte gehiago bizi ginela Goiko Kalen, eta taldea sortzea erabaki genuen. Helburua lortu dugu, eta berriz bueltan dira festak. Aurrenekoak dira hauek, eta jarraipena ematea espero dugu. Gero eta gazte jende gehiago bizi da Goiko Kalen, eta uste dugu biziberritzen joango dela pixkanaka", iritzi dio, baikor.
Txapel jaurtiketa
Egitarauan askotariko ekintzak sartu dituzte, horietako batzuk lehen ere festetan egiten zituztenak dira, herri kirolak, desafioa eta zinta jolasa, adibidez: "Bizikletarekin arranpa batetik pasatzerakoan zinta hartu behar izaten zen, eta hori aurten ere jarriko dugu haurrentzat. Herri kirol erakustaldia, berriz, Joseba Ostolazaren eskolakoek egingo dute, bere bi alabek", kontatu du Mirallesek.
Desafioari dagokionez, aldatu egin behar izan dute, lehen Almirante Oa kaleko eskailerak zeinek bizkorrago igo izaten baitzen lehia, baina han aldamioa dagoenez, baserritar txapel jaurtiketa egingo dute Pilliku plazan. "Norbaitek lortzen badu txapela Maria Maestraren estatuari buruan jartzea, huraxe izango da irabazlea!".
Beste ekitaldi batzuk berriak dira, eta herriko bi ikastetxeek, erraldoien taldeak eta Txurrumuskik ere parte hartuko dute egitarauan. "Eragileen aldetik oso harrera ona izan du gure eskaerak, eta oso eskertuta gaude", azpimarratu du festa batzordeko kideak. Egitarauaren barruan jan-edanik ez da faltako, eta txosna ere egongo da Pilliku plazan, bihar txupinazoa botatzen denetik gauera arte, eta larunbatean, goizeko ekintzak hasten dituztenetik Hereje Fighters taldearen kontzertuarekin jaiak amaitzen direnera arte. Mirallesek bi ohar ere eman ditu: batetik, larunbatean 100 lagunentzako bazkaria emango dute, eta txartelak oraindik eskuragarri daudela esan du Saregilen eta Kutixin.
Bestetik, ostiral arratsaldetik igande goizera Iturbide kalea ibilgailuentzat itxita egongo dela jakinarazi du, herritarrek festez lasai goza dezaten. Hala bedi!
Egitaraua
Urriak 10, ostirala
- 18:00. Erraldoi eta buruhandiak, bonbo-tronpetarekin, Herriko Plazatik Pillikura.
- 18:30. Txupinazoa.
- 18:30. Aurpegi margoketa umeentzat, Txurrumuskiren eskutik.
- 18:30. Ikastolako ikasleen eskutik, pintxo potea.
- 20:30. Kontzertu akustikoa Herenaren eskutik.
*Ekintza guztiak Pilliku plazan izango dira.
Urriak 11, Larunbata
- 11:00. Herri kirolak musika eskolaren eraikinaren behealdean, Joseba Ostolazaren eskutik.
- Ondoren. Bizikleta lehia umeentzat.
- 12:30. Xilografia tailerra. Kamiseta zuria eraman behar du norberak, ondoren gustuko irudia xilografiatzeko bertan.
- 14:00. Goiko Kaleko herri bazkaria, parkean. Txartelak 15 euro balio du eta Saregilen eta Kutixi kafetegian daude salgai.
- 16:00. Bazkaloste musikatua eta haurrentzat eskulanak, parkean.
- 18:00. Desafioa: txapel jaurtiketa, Pilliku plazan.
- 18:30. Talo-jana Zaraguetako ikasleen eskutik.
- 21:00. Kontzertua: Hereje Fighters, Pilliku plazan.