Bizkaiko uretan jokatuko dituzte Eusko Label ligako azken bi estropadak

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 19a, 11:31

Orioko trainerua, joan den igandean, Donostiako arranplan uretaratzeko bidean. (Onintza Lete Arrieta)

Liga matematikoki irabazita dauka Oriok, eta Bermeok jarritako marka hobetzeko aukera ere esku-eskura du bihar Bermeon bertan, edo etzi, Portugaleten. Okerrik ezean, igandean harrera egingo zaio traineruari, ligako koroarekin.

210 punturekin iritsi da Orio Eusko Label ligako azken txanpara, liga matematikoki irabazita. Izan ere, 179 eta 170 puntu dituzte, hurrenez hurren, Zierbenak eta Donostiarrak, bigarren eta hirugarren sailkatuek. Aurreneko helburua beteta, Orio Arraunketa Elkartearen traineruak nahiko luke beste helburu bat ere eskuratu: ligan irabazitako bandera kopuruaren marka ontzea. Bermeorena da errekorra gaur-gaurkoz, hamalau banderarekin. Oriok ere kopuru bera ditu dagoeneko, eta beraz, bihar edo etzi hautsi dezake errekor hori.

Bizkaiko uretan jokatuko dituzte ligako azken bi estropadak: Bermeon izango da biharko lehia, 18:51n hasita, eta Portugaleten, etzi, 12:40etik aurrera. Ohi bezala, ETB1 telebista katean zuzenean emango dituzte, eta igandeko estropadan altxatuko du Oriok ligako garaikurra: koroa.

Okerrik ezean, igandean bertan 20:00etan egingo diete herritarrek azken harrera arraunlariei, koroarekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide