24 urterekin irabazi zenuen aurrenekoz Kontxako Bandera; gaur esan duzu orain beste era batera bizi dituzula garaipenak, gehiago gozatzen dituzula.
Adinak edo esperientziak erakusten dizu, garaipenez gain, eguneroko lana ere baloratzen; lehen, beharbada, ez nintzen hainbeste ohartzen egunerokoaz. Talde handietan ibilita, zeure buruari garaipenak eskuratzeko presioa jartzen diozu, eta lehen errazago frustratzen nintzen, emaitzei bakarrik begiratzen nielako.
Bost urtez jarraian irabazi dituzu Kontxa eta liga. Ezin du kasualitatea izan...
Faktore askoren batura da: batetik, lana dago, hori negozia ezina da, baina bestetik, garrantzitsua da talde onak edukitzea ere. Besteek ere eduki izan dituzte, baina bakarrak irabazten du, eta behar den momentuan zorte puntua edukitzea ere oso garrantzitsua iruditzen zait.
Harreran, "Messi!" oihuka aritu zaizkizu kideak, eta arraun adituek diote zalantzarik gabe zu zarela patroi onena. Zer indargune ikusten dizkiozu zeure buruari?
Lehen galdetu didate ea nola nahiko nukeen jendeak ni ikustea, eta esan dut pertsona langile gisa; taldeko bat gehiago sentitzen naiz, inoren gainetik jartzen ez dena. Entrenamenduetara ondo pasatzera joaten naiz eta nire apurra jartzera. Uste dut aurten Oriok izan duen indarguneetako bat izan dela entrenamenduetan lortu dugun giroa; entrenamendu bakoitza aurrekoa baino hobea izatea lortu dugu. Liga irabazi genuen azken urtean ere halaxe izan zen: neguan entrenamendu guztiekin asmatu genuen, eta udan emaitzak iritsi ziren.
Estropadan, bueltako luzean, gozatua hartu duzue, eta arraunlarien izenak banan-banan esanez etorri zara.
Aldetxoarekin zoazenen eta esateko aukera duzunean, uste dut arraunlariei egin daitekeen omenaldi politena dela izenak banaka-banaka esatea Kontxa bezalako estropada batean. Ez da hala moduz irabazten den zerbait; urte asko zeramatzaten atzetik, askok aurreneko aldiz irabazi dute Kontxako Bandera, eta Orion arraunlari batentzat Kontxa irabaztea gailurrera iristea da.
Harreran sekulako jendetzak parte hartu du.
Uste dut hitzez ezin dela azaldu sentitzen dudana: bizi egin behar da, eta bizitzen ari garena ikaragarria da. Jende pila batek jarraitu gaitu bide osoan zehar txarangarekin plazaraino; egia esan, ongietorri oso-oso berezia eta polita izan da.
Beharbada hamargarren Kontxa irabaztea baino zailagoa zen zerbait lortu duzu: Benito Lertxundi udaletxeko balkoira eramatea bandera zuekin ospatzera.
Benito Lertxundi Orioko ikur bat da, eta bai arraunlarien artean, bai herrian, Orio aldarrikatzen duen pertsona bat; uste dut merezi zuela horrelako omenaldi bat. Musika utzi behar zuela esan zuenetik, gu esan eta esan ari ginen bere azken kontzertua Orioko udaletxetik emango zuela, eta uste dut arraunlari askoren eta denon ametsa egia bihurtu duela egin duen kanturik politena denok batera kantatuz [Mirotzak]. Oso polita izan da.
Liga asteburuan amaituko den arren, jada irabazia duzue. Datorren urteari begira jarri al zara?
Ez. Orain urtea amaitu eta buruari atsedena eman beharra dago. Eta gero, etxean erabaki behar dugu zer egin, alabak hazten ari direlako, eta behin biziko dudalako hori. Urtero esaten dut, baina halaxe da.