Kontxako Bandera ez litzateke Kontxako Bandera izango badia kolore biziz betetzen duten zalerik ez balitz. Urtero-urtero, bi astez jarraian, Donostiara bidaiatzen dute arraunaren jarraitzaileek, denboraldiko hitzordurik garrantzitsuenaren parte izateko. Eta, nola ez, etxeko arraunlariei babes osoa emateko.
Gaurkoan ez da gutxiago izan, eta Donostiako arranpla elastiko gorriz, horiz eta marroiz bete da goizean goizetik, arraunaren festa erraldoiari hasiera emanaz. 10:15 aldera uretaratu dira Zumaiako zein Orioko emakumeen traineruak. Bakoitzak eremu ezberdin batetik egin du, baina biek ala biek jaso dute herritarren berotasuna. Aldaparen goialdean kokatu dira batzuk, eta taldeko banderak gogor astindu dituzte estropadaren atarian, arraunlariei ahalik eta indar gehien emateko xedez. Beherago itxaron dutenak ere izan dira, urertzean, arraunlariei trainerura igo aurretik azken besarkadak eta bostekoak eman ahal izateko.
Hasieran ez ezik, estropada amaitzean ere bertan izan dituzte zain, kirolariei egindako lana aitortzeko eta zoriontzeko. Zumaiarrek, esaterako, Kike Manterola entrenatzailea airatu dute, egindako lan guztia balioan jarriz.
Gizonezkoen estropadan ere patroi bera errepikatu da. Bistakoa izan da emozioa, eta malkoei ezin eutsita ibili denik ere izan da. Are bereziagoa izan da, ordea, oriotarrentzat. Kontxako Bandera 33. aldiz irabazi ostean, festa lehertu da arranplan. Kolore horidun bengalak piztu dituzte, eta minutu luzez ospatu dute garaipena, abesten, saltoka eta albokoari helduta. Jarraian, marea hori baten artetik atera dira Orioko mutilak. Jon Lizarralde Altxerri sorbaldaren gainean jarrita atera dute, bandera eskuetan zuela, emozioz beteta.
Getariako zaleek ere beste behin erakutsi dute Esperantza doan lekura doazela, eta gaurkoan ere nabaritu egin da beraien presentzia Gipuzkoako hiriburuan. Bonbo eta guzti animatu dute taldea, eta gaurko estropadagatik ez ezik, egindako denboraldi bikainagatik zoriondu dituzte arraunlariak zein talde teknikoa.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)