Donostiako estropada bukatu eta Kontxako Bandera irabazi berritan hitz egin du Gorka Aranberrik. EITBko kazetariaren galderei erantzun die hark, arnasari buelta emateko zela artean, eta pozarren agertu da. Lan "perfektua" egin dutela uste du, haren hitzetan, "bonbak bota" badizkiete ere, "ez direlako lehertu".
Oriok brankan egin duen lana izugarria izan dela eta, taldea Kontxan hala aritzeko prestatuta zegoela esan du. "Aurreko astean azkar ibili ginen, baina taldeak sentipen arraroak izan zituen, erritmoz kanpo gindoazela sentitzen genuelako. Astea mimoz prestatzeko baliatu dugu, eta luzea joaten bada ere, niri motza egin zait; beste astebete ere luzatuko nukeen [Kontxako hitzordu batetik besterako tartea]".
Kontxako bandera batekin amesten zuela gogorarazi dio kazetariak, hamar lortu dituen egunean, eta Aranberrik esan du zenbaki "oso potoloa" dela. Lorpenaz ari zela, pertsona batekin oroitu da zarauztarra: "Pertsona hori ez dago gurekin, baina bigarren edo hirugarren Kontxako Bandera lortua nuenean, hala esaten zidan: 'Gorka, errekorra puskatu beharra daukak hik'. 2017ko Kontxaren ondoren hil zen, eta ez ditu ondorengo denak ikusi, baina badakit goitik ikusten ariko dela, seguru". Hain zuzen, Joxe Mari Aldalur aitaginarrebari eskaini dio Kontxako hamargarren bandera, gaur lortu duena. Hori esatearekin batera hautsi egin da, pozez nahiz hunkiduraz.
Bestalde, bera nola gogoratzea nahiko lukeen galdetuta, zera esan du: "Egunetik egunera egiten duena ilusioz gauzatzen duen pertsona. Lanera joaten dena eta inoren gainetik jartzen ez dena, besteengana batzen dena eta mutilei onena ateratzen saiatzen dena". Hark aitortu du bere ibilbideko urte batzuk besteak baino txarragoak izan direla, baina azken boladan "asko disfrutatzen" ari dela adierazi du. "Beste era batera ikusten ditut gauzak, eta ikaragarri ari naiz gozatzen. Uste dut emaitzak horren fruitua direla".
Gukak arratsaldean argitaratuko du gaurko estropadetako giroko irudiekin eta protagonisten adirazpenekin osatutako bideoa.