Heldu da iraileko bigarren asteburua, eta urtero bezala Orioko zaleak Donostiarantz abiatu dira goizean goiz, kamiseta horiak soinean zituztela. Kontxako Banderako bigarren eta azken jardunaldia jokatuko dute, denboraldiko hitzordu garrantzitsuena, eta Orioko zaleek ez dute hutsik egingo bertan.
Kontxako arranpla hori kolorez jantzi nahi dute aurten ere, eta hori argi garbi ikusi da tren geltokian: goiztiarrenek 07:00 aldera hartu dute trena, zeruak oraindik argitu ez zuenean, eta jende mordoa joan da bigarren orduan ere. Ordea, 09:00etakoa izan da bidaiarik jendetsuena, ezbairik gabe. Izan ere, lehenengo trena bete egin da zumaiarrekin eta oriotarrekin, eta horren ondorioz bigarren tren bat jarri behar izan dute zale guztiak garaiz hel zitezen.
Emakumeen estropada izango da gaur jokatuko duten lehena, 11:00etan. Jarraian, ordubete geroago, gizonezkoen lehiari ekingo diote.
(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta)