Orioko bi traineruek bihar goizean jokatuko dute Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia Donostiako badian, eta herri oso baten babesa izango dute Orioko arraunlariek; atzo arratsaldean garbi gelditu zen hori. Izan ere, bi traineruak azken entrenamendu saioa egiteko erriora atera zirenean, han zituzten zain dozenaka eta dozenaka herritar. Denboraldiko egunik garrantzitsuenetakoaren atarian, herritarrek txalo artean hartu zituzten kirolariak, eta horiek jasotako babesa modu berean eskertu zieten moilan zeuden herritarrei.
Bihar, Kontxako Bandera lortzeko lehian, Orio da faborito gizonezkoetan, eta Arraun Lagunak emakumezkoetan, baina ezer ez dago erabakita; edozer gerta liteke, are gehiago Kontxakoa bezalako estropada batean.
(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta)