Igandean jokatuko dute Donostiako badian Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia, eta estropada horien ondoren jakingo da zein diren aurtengo txapeldunak emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Orio da faborito gizonezkoetan, eta Arraun Lagunak emakumezkoetan, baina ezer ez dago erabakita; edozer gerta liteke, are gehiago Kontxakoa bezalako estropada batean.
Azken urteetan, Orioko zaleak moilara hurbildu izan dira herriko bi traineruak animatzera horien azken entrenamenduan. Aurten ere deialdia zabaldu du Orio Arraunketa Elkarteak: bihar, ostirala,18:30ean moilara gerturatzera animatu dituzte herritarrak. Bi helbururu ditu hitzorduak: batetik, traineruak animatzea igandera begira. Bestetik, urte osoan zehar egindako esfortzua aitortzea.