Atzo eguerdian jokatu zituzten gizon-emakumeek Kontxako Banderako lehenengo jardunaldiko estropadak, eta ordu batzuk igarota, gaur hausnarketa modu pausatuagoan egiteko prest dira taldeak. Oriorentzat "gazi-gozoa" izan da lehen jardunaldia, Itziar Olasagasti Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) zuzendaritzako kideak Gukari azaldu dioenez.
Emakumeei dagokienez -hirugarren izan ziren, 11 segundora– Olasagastik nabarmendu du "kristoren estropada" egin zutela eta taldea oso gustura dagoela egindako lanarekin. Haizeak edo ingurune aldaketak "kalte" egin ziela ere esan du, ordea, eta horren aurrean ezin dela askorik egin: "Kanporantz denbora asko galdu genuen baina barruraka errekuperatu egin genuen; ikusten da baldintzak aldatu egin zirela. Horren kontra ezin da ezer egin. Arraun Lagunakek estropada oso-oso ona egin zuen, baina gureek ere bai. Kontua da itzalpean gelditzen dela txanda aldaketagatik. Sentsazioak oso onak izan ziren, baina emaitza, bada... azkenean, irabazlearengandik 11 segundora gelditu ginen".
Gizonezkoetan ere sentsazio gazi-gozo hori azpimarratu du: "Orioren historiako denbora onena egin, errekorretik hiru segundora gelditu, eta etxera triste edo buru makur itzultzea gogorra da". Izan ere, epaileek hiru segundoko zigorra jarri zieten estropada hasi aurretik motorra 0 kalean sartzeagatik, eta estropadan bizkorrenak izan arren, Zierbenarentzat izan zen garaipena zigor horren ondorioz. "Legedia oso zorrotza da, saiatzen zara betetzen, baina abisuak bata bestearen jarraian ematen dizkizute eta erreakzionatzeko denborarik ez duzu izaten. Pena da arraunlariekin zerikusi zuzenik ez duten akats edo arau-hausteengatik arraunlariek pagatu beharra", iritzi dio Olasagastik.
Klubak helegiterik jartzeko asmorik ez du, dena den. "Epaileekin eta abokatuekin hitz egin genuen atzo bertan, eta ez dago zer eginik. Ados egon ala ez onartu beharra dago zigorra. Horrekin egin beharko dugu aurrera".
Igandean, irabaztera
Datorren igandean erabakiko da zer taldek astinduko dituzten arrauneko bandera preziatuenak, eta Orio helburu argiarekin joango da: "Helburu nagusia argia da: gizonezkoetan txanda eta bandera irabaztea, eta emakumezkoetan, banderagatik borrokatuko dugu, baina horretarako aurreneko helburua txanda irabaztea izango da, eta gero, gerokoak", esan du klubeko zuzendaritzako kideak.
Zale oriotarrentzat eskaria ere badu Olasagastik: "Zaleei esan nahi diegu joateko bi taldeak animatzera eta ondo pasatzeko, baina era berean, zain ditzatela ingurumena eta inguruak, eta ez dezatela utzi zaborrik eta kristalezko ontzirik arranplan nahiz inguruetan, jarrera horrek asko zikintzen duelako gure elkartearen irudia".