Gizonezkoek ere erraz lortu dute Kontxarako txartela

Mireia Galarza Bastida 2025ko ira. 4a, 19:46

Orioko arraunlariak, iaz Kontxan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Ez da ezustekorik izan gaurkoan Kontxako sailkatze estropadan, eta Orio aise sailkatu da lehenengoen artean, bigarren, zehazki. Itsaso zakarrarekin jokatu behar izan dute sailkapen estropada. 

Itsaso zakarrarekin jokatu behar izan dute gaur arratsaldean Kontxako gizonezkoen sailkatze estropada, eta denek nahikoa lan izan dituzte ontziak zuzen mantentzeko. Emaitzetan ez da sorpresarik izan, Eusko Label Ligako eskualdeko bi traineruek eskuratu baitute gaurkoan Kontxarako txartela, Oriok eta Getariak. KAE1 ligako beste biak, berriz, Zarautz eta Zumaia, kanpoan gelditu dira. 

Zail eduki dute, baina Oriok txukun egin ditu lanak, eta Bermeo, Zierbena, Getaria, Hondarribia, San Juan eta Lekittarrarekin batera ariko da Donostiako uretan datozen bi igandeetan. Eskualdeko ontziek ez dute sorpresarik eman, baina bai Lekittarrak eta San Juanek. Izan ere, 26 eta 8 urte ziren, hurrenez hurren, Kontxara sailkatzen ez zirela. Txanponaren bestaldean koka daitezke eskualdeko beste bi ontziak: Zarautz eta Zumaia. Zaila zuten Enbatak eta Telmo Deuneko ontziak lehen zazpi ontzietan sailkatzea, eta saiatu badira ere, hamalau eta hamazazpigarren postuetan iritsi dira helmugara. 

Guztira 22 traineru aritu dira nor baino nor, baina gutxi batzuk eskuratu dute hain preziatua den Kontxarako txartela. Igandean izango da lehen jardunaldia, eta hilaren 14an bigarrena. 12:00etan lehiatuko dira gizonezkoak, eta 11:00etan emakumezkoak. Gainera, igandeko txandak ere dagoeneko zehaztu dituzte, eta horrela irtengo dira: 

A txanda

  • Orio
  • Getaria
  • Zierbena
  • Bermeo

B txanda

  • Lekittarra
  • Hondarribia
  • Donostiarra
  • San Juan

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide