Hamahirugarren bandera eskuratuta, liga irabaztear da Orio

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 30a, 20:07

Oriotarrak, Bueuko banderarekin. (Aitor Arrizabalaga-TKE)

Galizian jokatu dute Eusko Label ligako hamazazpigarren jardunaldia, eta lehia bizia izan dute Oriok eta Zierbenak. Haizea gogor ibili da, baina hala ere denbora bikainak egin dituzte biek.

Eusko Label ligako hamazazpigarren jardunaldia jokatu da gaur Galizian, Bueun, eta Oriok ez du hutsik egin: hamahirugarren bandera bereganatu du, Zierbenarekin gogor borrokatu ondoren. Izan ere, estropada osoan zehar gertu-gertu izan ditu bizkaitarrak, eta aurretik ere jarri dira tarte batean. Kontuak kontu, gaurko garaipenarekin liga esku-eskura du Orio Arraunketa Elkarteko traineruak, 28 puntuko aldea ateratzen baitio Zierbenari. Okerrik ezean, beraz, bihar bertan matematikoki txapeldun bilakatuko da Iker Zabalaren taldea.

Haizea izan da gaurko beste protagonistetako bat. Ufada indartsuak aurreikusita zeuden arratsalderako, eta bete egin dira aurreikuspen horiek; gogorren, bigarren txandan jo du haizeak.

Oriok egindako lanari dagokionez, estropada hasieran buruz buru atera dira Orio eta Zierbena, eta aurreneko ziabogan ere batera-batera atera dira. Ondoren Zierbenak Oriori segundo bateko-biko aldea aterata egin du arraun, baina minutu gutxian Oriok berreskuratu egin du denbora, eta hiru segundoko abantailarekin ibili da azken luzean. Azkenean, bi segundoko abantailarekin irabazi du estropada, 19:55,62 denbora eginda. Zierbenak 19:58,04 denboran gelditu du kronoa. Haizearen gogortasuna kontuan hartuta, denbora ezin hobeak egin dituzte.

Gainerako traineruak oso atzean gelditu dira: 19 segundora Urdaibai, 41era Donostiarra, eta 47ra Getaria, hurrenez hurren.

Bihar eguerdian Aresen izango dute hitzordua, 12:20ean hasita, eta ondoren, Kontxari begira jarriko dira denak, ostegunean jokatuko dutelako sailkapen estropada, eta igandean, Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide