Jose Luis Kortak aste honetan iragarri du arraun mundua utzi duela. 76 urte ditu, eta azken bi urteetan Castroko entrenatzailea izan da. Hamarkada luzez izan da arraunlaria aurrena, eta entrenatzailea gero, eta garaipen asko ditu poltsikoan, tartean hainbat Kontxako bandera. Bere ibilbide luzean hainbat urte egin zituen Orio Arraunketa Elkartean (OAE), eta klubak esker oneko mezua zabaldu du bere sare sozialetan. "Arraun munduko iraultza, aurrerapen, polemika eta garaipenen parte hartzaile zuzena makina bat urtean". Hitz horiekin hasi du klubak mezua.
"Elkarren artean izandako ezberdintasun estrapu hotsak albo batera, atzean geratu dira" OAErentzat, eta Kortaren ekarpena balioan jarri nahi izan du: "Orio Arraunketa Elkarteak esker ona adierazi nahi dizu hainbat urtez bai elkarteari, bai arraun munduari, egin dizkiozun ekarpenengatik. Zure paladak utzitako uberak kostako dira atzean uzten".
Bizitzako etapa berrian "hoberena opa" dio klubak oriotarrari.