Orioko Udalak hainbat hilabetetan egindako lanketaren emaitza datorren astetik aurrera ikusi ahalko dute herritarrek. Izan ere, kudeaketa berriarekin hasiko da 2025-2026 ikasturtea, hemendik aurrera Neo enpresak kudeatuko duelako kiroldegia BPXporten ordez, eta irailaren 3an, asteazkenarekin, azalduko ditu udalak xehetasunak ikastaroez, ordutegiez eta prezioez. Aurreratu du, hori bai, bere garaian iragarri bezala, astegunetan kiroldegia zabalik mantenduko dutela eguerdietan ere. Beste berrikuntza Haize-Berri taberna zegoen gunean sortutako gimansioa da; hori astelehenetik aurrera erabilgarri egongo da.
Urteroko mantentze lanak direla eta bi astez itxita egon da kiroldegia, eta astelehenean, irailaren 1ean, ordutegi berriarekin zabalduko ditu ateak: astelehenetik ostiralera 07:00etatik 21:00etara egongo da irekieta, larunbatetan 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan, berriz, 09:00etatik 13:00etara.
Ikastaroetan izena emateko epea, berriz, ostiralean irekiko da, irailaren 5ean.
Orioko udalbatzak apirileko udalbatzarrean aho batez onartu zuen kiroldegiaren kudeaketa Neo enpresari adjudikatzea, eta hil horren hasieran bertan eman zuen udalak herriko kirol zerbitzu berriaren berri.