Ezohiko udalbatzarra egin zuten atzo 19:30ean udaletxean Orioko Udalbatza osatzen duten hamabi ordezkariek –hamahiru dira berez, baina EH Bilduko zinegotzi bat falta zen–. Puntu nagusia herriko kirol instalazioen kudeaketa adjudikatzeari buruzkoa zen, eta aho batez onartu zuten Neo Instalaciones Deportivas SL enpresari ematea Orioko kirol instalazioen kirol jarduerak, sorospena eta salbamendua, bezeroentzako arreta, garbiketa, mantentzen lanak eta koordinazio zerbitzuak emateko kontratuaren adjudikazioa.
Hiru enpresak parte hartu dute lehiaketa publikoan, tartean gaur egun Karela kiroldegia kudeatzen duen BPXport enpresak, eta Jon Carrera udal idazkariak xehetasunez azaldu zituen bakoitzak lortutako emaitzak –bideoko aurreneko minutuetan entzungai–. Laburbilduz, lehia BPXport eta Neo enpresen artean egon da, hirugarren enpresa lehiaketatik kanpo gelditu baitzen irizpideetako bat ez betetzearren. Lehiaketako atal guztien batura eginda, puntuazio altuena Neok lortu du, 96,37 puntu (proposamen teknikoan 45,75 puntu eta proposamen ekonomikoan 50,62 puntu); BPXportek, berriz, 81,75 puntu (proposamen teknikoan 30,75 puntu eta proposamen ekonomikoan 51 puntu).
Orain, hamabost laneguneko epea dago akordio honen jakinarazpena egiteko, eta beste hamabost laneguneko epea egongo da errekurtsoak jartzeko. Hortaz, hilabete pasatu arte ezingo dute kontratua izenpetu bi aldeek.
Udalak apiril erdian iragarri zuen zerbitzu berria irailean martxan egongo dela, eta bitarteko lanez eta epeez ere informazioa emana du. Lotura honetan ikus daiteke guztia.
EAJren iritzia hurrengo erronkez
Noemi Ostolaza EAJko zinegotziak hartu zuen hitza bozketaren ondoren, eta esan zuen "berri ona" dela atzokoan kirol instalazioen esleipena onartu izana "behin-behineko egoera amaitu ahal izateko", eta Arraunetxea "beste elkarteei ireki izana" ere begi onez ikusi du alderdi horrek, "instalazioei ahalik zuku gehien atera ahal izateko". Karela kiroldegian eta Haize Berrin egindako inbertsioak eta Karela eguerdietan irekitzea ere positibotzat jo zituzten, eta "azken urteetan energia arloan egindako hobekuntzei esker", herriak "instalazio egokiak" dituela iritzi zioten.
Behin hori esanda, Ostolazak "oraindik zintzilik gelditzen den" puntua aipatu zuen: frontoia. "Iruditzen zaigu denbora egon dela herriko pilotalekua eraitsi aurretik beste frontoi bat egitekoa, eta hor badago erronka".
Beste erronka prezioei buruzkoa izango dela uste du EAJk: "Lanketa bat egin beharko da oreka bat aurkitzeko kirol jarduera eta familiek ordaintzen duten tasen artean, tasak ez izateko oztopo eta haur eta gaztetxo guztiek aukera berdinak izateko kirola egiteko. Horri emango diogu garrantzia guk, eta hori lantzeko prest izango gaituzue".
EH Bilduren erantzuna frontoiaz eta EAJren lanaz
EAJren hitzartzeari erantzun nahi izan zion Anuska Esnal alkateak, Ostolazak "behin-behineko egoera" aipatu zuelako –kiroldegiaren kontratua luzapenean egon delako azken bi urteetan–. Kritika gogorra egin zion Esnalek EAJri: "Esan beharrik ez dago 2019an EAJren eskutik nola hartu genuen kirol arloa; lan oso nekeza egin dugu, hor dago kirol teknikariarekin egindako ibilbidea, bi kirol diagnostiko egin behar izan ditugu, eta ondorioek esan digute sistema oso sakabanatua genuela, kirol elkarteak oso egoera desberdinetan zeudela eta urteetan jardun dugu buru-belarri horiek berdindu nahian. Karelako langileek, esaterako, 2011tik soldatak izoztuta zituzten, eta ez da ahaztu behar tartean COVID-19a ere egon zela".
Onartu zuen nahi baino beranduago etorri dela lizitazioa, baina "eraldaketa oso sakona eta hausnarketa oso sakona" behar zuen prozesua izan dela azpimarratu zuen.
Arraunetxeaz ere hitz egin zuen alkateak: "Guk arraun elkarteari bakarrik lotutako Arraunetxea jaso genuen, eta gure apustua izan da Arraunetxeari ematea herriari eta urari lotutako zabalkundea. Jakina da zenbat zailtasun eta korapilo sortu dituen horrek ere, baina egin beharreko lana zen, eta oraindik horretan dihardugu".
Azkenik, frontoia izan zuen hizpide, eta esan zuen gaur egungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) kokapen bakarra eduki dezakeela frontoi berriak, eta horregatik, HAPO berria indarrean sartu arte itxoingo duela udalak, bi proiektu daudelako landuta eta nahi dutelako "herriari galdetu" zer proiektu nahiago duten: "Gaur-gaurkoz indarrean dugun HAPOk toki bakarra onartzen du frontoiarentzat, Zaragueta herri eskolaren ondokoa, eta ikusita frontoia estrategikoa dela herriarentzat, eta ikusita elkarteek begi onez ikusten zutela frontoia herrigunean egotea, udal honek egin duena izan da HAPO berrian aukera gehiago barneratu". Behin-behinean onartuta dago HAPO berria, baina Esnalek gogorarazi zuen oraindik ez daukala behin betiko onarpena –udalaren gainetik dauden erakundeen esku dago hori–, eta ordura arte ez duela pilotalekuaren gaia mahai gainean jarriko.
Dena den, ziurtatu zuen pilota elkartearekin adostuta duela frontoia eraitsi eta berria eraiki bitartean horiek non eta nola egingo duten trantsizio epe hori.