Arozenan eta Mutiozabalen etxebizitzak egitea jasotzen du HAPO berriak

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 27a, 11:28

Hamabi urteren ondoren, atzo iluntzeko udalbatzarrean behin-behinean onartuta gelditu zen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO). Besteak beste, Kosta Tailerra handitzea jasotzen du txostenak, eta etorkizunean Kultur Etxean etxebizitzak egiteko aukerari ateak zabaltzen dizkio.

2024a amaitzear denean, Oriorentzat garrantzitsua den erabakia hartu du Udalbatzak: Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) onartzea. Hamabi urteren ondoren, atzo iluntzean egindako ohiko bilkuran, gehiengo absolutoz onartuta gelditu zen behin-behinean HAPO berria. Txostenak EH Bilduren aldeko hamar boto jaso zituen; EAJko hiru zinegotziak, berriz, abstenitu egin ziren.

Orain, txosten hori beste organo batzuek onartu beharko dute indarrean sartu ahal izateko: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak batetik, Espainiako Itsasertzeko Zuzendaritza Nagusiak bestetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, azkenik. Udalak azaldu du hilabete batzuk beharko direla erakunde horien oniritziak jasotzeko.

Plan berriak marraztuta uzten du datozen hamar-hogei urteetan Orio nolakoa izango den, zer bilakaera izango duen hirigintzari dagokionez. Hainbat eta hainbat puntu jasotzen ditu, honakoak tartean: Arozenan eta Mutiozabalen etxebizitzak egitea; Kosta Tailerra zabaltzea, baratzeetako 3.000 metro koadroko partzela bat bereganatuz; eta etorkizunean Kultur Etxean etxebizitzak egiteko aukerari ateak zabaltzea.

Helburuak eta berrikuntzak

Olatz Santamaria alkateordeak azaldu zuen zer helbururen arabera osatu duten HAPO berria: Orio bizi kalitatea eta zerbitzuak eskaintzen dituen herria izatea nahi dute; belaunaldien arteko harremanak errazten dituen herria; gazteei jaioterrian gelditzeko aukera ematen diena; oinezkoak erdigunean jartzen dituen herria; eta ekipamenduak diseinatzerakoan zaintza eredu berriak kontuan hartzen dituena.

2012ko planetik hona, hainbat berrikuntza txertatu dituzte. Hauek dira nagusiak, Santamariak Gukari kontatu dionez: batetik, HAPOan sartu da Aita lertxundi 42 eraikina, hau da, Arin & Embil, eta horrekin, itsas zorpeko eremua libratuko da eta bertan eraikiko diren etxebizitzen %20 izaera sozialekoak izango dira; bestetik, Arozena eraikineari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza saialk fabrikan etxebizitza dotazioanalak egiteko interesa eta konpromisoa erakutsi du, eta hala, eraikin berrian, etxeen %40 izaera sozialekoak izango dira; eta azkenik, etxebizitzita turistiko gehiago ez dira baimenduko, eta udalak ezarrritako etxebizitzaren azalera minimoa 40 metro koadrokoa izango da –baina 80/2022 Dekretua (Etxebizitzen bzizigarrituasun baldintzak eta diseinu arauak) bete beharko da–.

Puntu garrantzitsuenak

Planak jasotzen dituen puntu azpimarragarrienak ere azaldu zituen Santamariak atzoko udalbatzarrean. Horiek, zehatz-mehatz jasota daude gukoriori.eus webgunean eskuragarri dagoen dokumentu honetan:

Mutiozabal eremuan, Gureak eta Arin & Embil fabrikak kendu eta etxebizitzak eraikiko dituzte. Gureak eremuan eraikiko dituzten etxebizitzen %40 izaera sozialekoak izango dira. Udalak lokalak eskuratuko ditu, eta eremu horretan oinezkoen pasabidea luzatuko da eta berdegune bat sortuko da.

Herriaren erdigunean dauden Sotoetan egitekoak ziren etxebizitzak Mutiozabalen egingo direnez, udalak ekipamenduetarako eskuratuko ditu horiek.

Arozenan etxebizitzak egingo dituzte, gaur egun fabrika dagoen eraikinean, nahiz eraikin berri batean, eta bietan izaera sozialeko etxebizitzak egongo dira. Fabrikaren eraikinean 30-40 etxebizitza lirateke, Eusko Jaurlaritzak sustatuko dituenak, eta beste eraikinean, etxeen %40 –Santamariak azpimarratu zuen udalaren erabakia eta apustua izan dela hori, berez ez dagoelako derrigortuta izaera sozialeko etxerik egitera han–. 

Kosta Tailerra handitzea aurreikusten da, eta 3.000 metro koadroko lursaila lortzea ekipamenduetarako (Kosta Tailerraren ondoko baratze zatia hartuta). Erribera kalea luzatuko da, kalea Bikamiotako biribilgunearekin lotuta, eta herritik irtetzeko irteera berria sortuko da, erdiguneko zirkulazioa arinduz.

Hilerria handitzeko aukera txertatu da txostenean, zeremonia zibilak egiteko gela bat eraiki ahal izateko eta sor daitezkeen beharrei erantzuteko. Udalak partzela bat ere erosiko du aparkalekuak egiteko han.

Mugikortasunari dagokionez, HAPOk jasotzen du herriko zubian pasarela egitea oinezkoak eta bizikletak pasatzeko, eta Dike eremuan, berriz, aparkaleku publikoak egiteko aukera.

Udal ekipamenduak: non eta zertarako

Azkenik, udal ekipamenduak non eta zertarako izango diren aurreikusi du udalak: behe solairuetako lokalak edukiko ditu udalak Munton, Diken, Mutiozabalen eta Leundan; eraikin berriak egiteko partzelak Kofradian eta Diken; eta udalaren esku geldituko dira Sotoak eta Arozenaren beheko solairua.

Eraikin eta lokal horietan zer egin erabaki aurretik, udalak herritarrekin bilerak eta parte hartze prozesuak egitea aurreikusi du. Dena den, udalak honako beharrak ditu identifikatuta: adinekoen egoitza, euskaltegi handiagoa, frontoi berria, erabilera anitzeko aretoa, herriko sortzaileentzako espazioak, coworking espazioa, eta Gaztelekuaren kokapena aldatzea.

EAJren abstentzioa

Bozketaren ondoren, EAJren abstentzioaren arrazoiak eman zituen Noemi Ostolazak. Batetik, ikusten dizkiote planari "hainbat alderdi positibo, esaterako, herrian dauden gune degradatu batzuei irteera ematea eta horiek biziberritzea, aldaketa klimatikoari aurre egiteko ekimen batzuk txertatzea, Arozenan etxebizitza dotazionalak sortzeko aukera egotea nahiz herritarren etxebizitza beharrak kontuan hartu izana".

Bestalde, ordea, badaude partekatzen ez dituzten alderdiak, EAJrentzat "HAPO ez delako soilik etxeak eraikitzeko" plan bat: "Gune batzuetan etxe kopuru oso handia aurreikusten da, eta horrek dentsitate handiko auzoak edukitzea ekarriko du, tartean Dike, Mutiozabal eta Dikeko bolumenak baldintzatzen duen Arozena". Horrez gain, EAJren ustez babestutako eta tasatutako etxebizitzak egiteak ez dituzte herritarren beharrak asetzen, "Etxebiden izena emana duten 292 oriotarretatik 215ek alokairu soziala eskatua baitute". Munton egin dituzten 46 etxebizitzak, beraz, nahikoak ez direla azaldu zuen Ostolazak; "errenta baxueneko herritarrek ezin dute etxebizitza bat erosi".

Azkenik, Ostolazak esan zuen bere alderdia "gehien kezkatzen" duen puntua Kultur Etxea dela, HAPOk jasotzen duelako bertan etorkizunean etxebizitzak egin ahal izatea. "Ez dugu egokia ikusten herriarena den dotazio bat etxebizitza pribatuak egiteko erabiltzea".

"Egun historikoa"

Anuska Esnal alkateak ere hartu zuen hitza udalbatzarraren amaieran. Atzokoa "egun historikoa" izan zela iritzi zion, "hainbeste urteren ondoren onartu delako HAPO berria".

EAJri erantzunez, berriz, esan zuen plan honen lanketaren barruan etxebizitzaren diagnostikoa egina dagoela –hau da dokumentua– eta hor aurreikusten zela "etorkizunean Oriok gutxienez 512 etxebizitza beharko zituela, eta gehienez, 1.331", eta HAPO berriak 532 etxebizitza berri sortzen dituela herrian; "beraz, ez gara asko pasatu gutxieneko horretatik". Horren harira, azaldu zuen bestelako neurriak hartzen ari dela udala etxebizitza hutsak sustatzeko, etxebizitza turistiko gehiago ez baimenduz, etab.

Kultur Etxean etorkizunean etxebizitzak egiteko aukera zabalik utzi izana ere aipatu nahi izan zuen. Plana egiterakoan "herriko eremu guzti-guztiak aztertu" direla esan zuen, eta kontuan hartu behar dela etorkizunean herrian "ekipamendu berri asko sortzeko aukera" egongo dela: "Oso epe laburrean, esaterako, Kofradia eraikitzen ikusiko dugula espero dugu, Kosta Tailerra handituko da, Muntoko alokairu sozialeko etxebizitzen azpian 400 metro koadroko lokala edukiko dugu, Diken ekipamendu berri asko doaz, eta frontoi zaharreko eremuan ere lokalak hartzeko aukera dago". Kulturaren plan estrategikoan ikusitako beharrak aipatu zituen –Kultur Etxekoa baino areto handiago baten beharra ikusten da–, baita Kultur Etxean gaur egun dauden "zailtasunak" ere: "Kultur Etxearen erabilera sustatzeko zailtasunak daude, liburutegia txikia gelditu delako eta handitzeaz hainbat solairutan banatu beharko litzatekeelako, eta ondorioz, langile gehiago beharko liratekeelako, eta hori udalak ezin du asumitu".

Azkenik, luzera begira pentsatzearen garrantzia azpimarratu zuen: "Ikusten dugu gaur-gaurkoz Kultur Etxeak asetzen duen hori ase dezakeela Kofradiak edo Kosta Tailerrak handitzen denean, eta ez dugu esaten bihar etxebizitzak egingo direnik Kultur Etxean, baina HAPOak 15-20 urteetan herria baldintzatuko du, eta uste dugu beharrezkoa dela eta estrategikoa izan daitekeela ate hori zabalik uztea".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide