Eusko Label ligako estropadak Galiziako uretan jokatuko dituzte asteburu honetan, bihar Bueun eta igandean Aresen. Biharko lehia18:20an hasiko da, eta igandekoa, berriz, 12:20an. Ohi bezala, hiru itsas milia egingo dituzte traineruek, 5.556 metro denera, lau luze eta hiru ziabogarekin.
Liga amaitzeko lau estropadaren faltan –asteburu honetakoen ondoren, irailaren 20an eta 21ean jokatuko dituzte azken lehiak Bizkaian, Bermeon eta Portugaleten–, Orio da sailkapenean lider, nagusitasun osoz gainera, 186 puntu baititu Iker Zabalak gidatzen duen taldeak. Zierbena da bigarren, 159 punturekin, eta Donostiarra hirugarren, 151 punturekin.
27 puntuko aldea du Oriok bigarrenarekiko, eta beraz, okerrik ezean, igandean matematikoki bihur daiteke ligako garaile. Izan ere, Zierbenak falta diren estropada guztiak irabazita ere, 48 puntu eskuratuko lituzke, 207 puntu guztira, eta Oriok, falta diren estropada denetan bosgarren egingo balu ere, 40 puntu eskuratuta, denera 226 puntu lituzke. Miraria beharko litzateke, beraz, Oriok liga galtzeko.