Hirugarren postuak eskuratu dituzte Orioko ontziek Getariako estropadan

Mireia Galarza Bastida 2025ko abu. 24a, 15:56

Emakumezkoen trainerua, Getarian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zierbena eta Getaria oso fin ibili dira, eta gertu borrokatu badute ere, hirugarren postua eskuratu du gizonezkoen traineruak. Emakumezkoek ere hirugarren amaitu dute estropada, baita liga ere, puntutan Tolosaldearekin berdindu ostean. 

Getariako uretan jokatu dituzte gaurko Euskolabel eta Euskotren ligako estropadak. Okerrago izan zitekeen, baina emaitzak ez dira nahi bezalakoak izan gaurkoan. Dena dela, lan ona egin dute gizonezkoen nahiz emakumezkoen traineruek, hirugarren amaitu baitituzte estropadak. 

Eusko Label ligan Oriori ez dizkiote erraz jarri lanak. Izan ere, indartsu irten dira Getaria eta Zierbena itsasora, eta lan asko egin behar izan dute oriotarrek sailkapenean aurrean mantentzeko. Lekittarra, San Juan eta Zierbenarekin batera irten dira mirotzak Ohorezko Txandan, eta Oriok gertu jarraitu badu ere, elastiko marroidun taldea azkarrago izan da hasieratik.

Oriori tartea aterata, beraz, estropada irabaztea zuen helburu Bizkaiko taldeak. Aurkari zuzena zuen portutik begira, ordea: Getaria. Momentu batzuetan bandera etxean geratuko zela bazirudien ere, azkenean 3 segundo pasatxoko tartea atera dio Zierbenak Getariari, eta bigarren postua eskuratu du Esperantzak. Hirugarren postuan sailkatu da Orio, Getaria baino ia lau segundo geroago. Dena dela, sailkapen orokorrean lehenengo postuan jarraitzen du, 186 punturekin. 

Hona hemen sailkapen orokorra, osorik:

  • 1. Orio Orialki: 186
  • 2. Zierbena Bahias de Bizkaia: 159
  • 3. Nahiz Homes Donostiarra: 151
  • 4. Bermeo-Urdaibai: 138
  • 5. Orsa Hondarribia: 127
  • 6. Getaria: 123
  • 7. Lekittarra: 82
  • 8. San Juan CMO Valves: 80
  • 9. Ondarroa Kide: 67
  • 10. Club de Remo Ares: 65
  • 11. Kaiku: 40
  • 12. CR Cabo da Cruz: 31

Gizonezkoen trainerua, gaur. (Arnaitz Rubio Aprea)

Gazitik gehiago gozotik baino

Euskotren ligako berriak ere ez dira hain hain onak izan gaurko estropadan. Oriotarrek atzoko hirugarren lekua hobetzea zuten helburu, liga are zapore hobearekin amaitzeko, baina atzoko joera ez da aldatu, eta Tolosaldea eta Arraun Lagunaken artean erabaki da lehen postua. Hasieran, donostiarrak izan dira azkarrago, baina ziaboga eta gero atzoko arantza atera nahi eta lehen postuan jarri da Tolosaldea. 

Azken horrek irabazi du Getariako estropada, eta gertakari horrek izan du eraginik sailkapen orokorrean. Izan ere, Tolosaldeak 8 puntu eskuratu izanak parez pare jarri du Oriorekin sailkapen orokorrean, biak 105 punturekin. Berdinketa hausteko irizpideetan lehenengoak ez du balio izan, bi taldeek baitituzte bina garaipen ligako estropadetan. Hurrengo irizpidearekin erabaki da, beraz, ligako bigarren postua: azken garaipena lortutakoak erdietsi du postu hori. Horrenbestez, Tolosaldeak eskuratu du Euskotren ligako bigarren lekua, eta hirugarrena Oriok. 

Liga amaituta, horrela geratu da sailkapena: 

  • 1. Donostia Arraun Lagunak: 120 puntu
  • 2. Tolosaldea Arraun Kluba: 105 puntu
  • 3. Orio Orialki: 105 puntu
  • 4. Zumaia Delteco: 68 puntu
  • 5. S.D Remo Astillero Eneryt Servicios: 50 puntu
  • 6. Hibaika Jamones Ancin: 49 puntu
  • 7. Nortindal Donostiarra: 42 puntu
  • 8. Hondarribia Bertako Igogailuak: 37 puntu

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide