Ondarroan jokatu dituzte gaurkoan etxeko bi traineruek estropadak. Euskotren ligan, V. Ondarroako Banderaren bila irten da emakumezkoen trainerua, eta Eusko Label ligan, XLI. Ondarroako Bandera jokatu dute gizonezkoek. Neskek ez dute lortu bandera lortzea, baina bai gizonezkoek, beste behin ere.
Euskolabel Ligan nagusitasuna erakutsi du gaurkoan ere Oriok. 2023an irabazi zuen azkenengo aldiz estropada hori, eta gaurkoarekin laugarren aldia da herri horretako bandera lortzen duena. Hasiera hasieratik joan dira lehen postuan, eta horrela amaitu dute. Zierbena izan du atzetik, eta zenbait momentutan gertu ibili da, baina mirotzek ez diote lehen postua besteei usaintzen ere utzi. Ziaboga guztietara aurreneko lekuan iritsi da, eta 19:49,06ko denboran osatu dute lana.
Sailkapen orokorrean ere aise doaz aurretik oriotarrak, 176 punturekin, eta atzetik doaz Zierbena eta Donostiarra, 147 eta 143 punturekin, hurrenez hurren.
Emakumezkoak, hirugarren
Emakumezkoen trainerua ohorezko txandan irten da Zumaia, Tolosaldea eta Arraun Lagunakekin batera. Saiatu saiatu da, baina lehia Tolosaldeak eta Arraun Lagunakek izan dute ia-ia hasieratik, eta azken hori nagusitu da amaieran. Bi horien atzetik sailkatu eta hirugarren amaitu dute mirotzek, beraz, gaurko estropada, 10:58,46ko denboran. Lehen bi taldeak 10:49,76 eta 10:50,20ko denboran osatu dute proba.
Gaurko garaipenaz gain, matematikoki Euskotren liga ere irabazi du laugarren aldiz Arraun Lagunakek. Dena dela, bihar amaituko dute liga, Getariako bandera jokatu ostean. Sailkapen orokorrean bigarren dago emakumezkoen trainerua.