Galizian jokatu dituzte gaur ere Euskotren eta Eusko Label ligako estropadak, Boiron, eta berriz ere bikain ibili dira Orio Arraunketa Elkarteko bi ontziak: gizonezkoek asteburuko bigarren bandera eskuratu dute, eta emakumezkoek bigarren egin badute ere, hasieratik amaierara borrokatu dute banderagatik Arraun Lagunakekin.
Euskotren liga jokatu dute aurrena, eta Oriok lehenengo kaletik jokatu du estropada; bigarrengotik Arraun Lagunak taldeak. Donostiarrak aurreneko momentutik jarri dira aurretik, irteera oso azkarra eginda, baina Oriok segundo batera jarraitu dio, eta ziabogan Orio izan da bizkorragoa. Borroka handia izan dute bi ontziek, baina Arraun indartsuago izan da gaurkoan ere, eta hiru segundo bizkorrago helmugaratu da, 10:26,76 denbora eginda. Oriok 10:29,84 denbora egin du. Tolosaldea eta Zumaia, berriz, oso atzean gelditu dira gaurkoan.
Gizonezkoetan, hasieratik buru jarri da Orio. Laugarren kaletik egin dute arraun, eta ondokoan izan du Zierbena, arerio zuzena. Dena den, Donostiarra jarri da gaurkoan Orioren pare aurreneko luzean. Gero, tartea zabaltzen joan da Orio, eta hamabi segundoko errentarekin irabazi du, nagusitasun osoz, 19:36,84 denbora eginda. Donostiarra izan da bigarren 19:4658 denborarekin, eta bigarren txandan lehiatu den Getaria, hirugarren izan da, estropada bikaina eginda, 19:48,12 denborarekin. Zierbena laugarren izan da gaurkoan.
Etxe ondoan jokatuko dituzte hurrengo asteburuko estropadak, Zarauzko Ikurrina egongo baita jokoan larunbatean zein igandean.
Hona gaurko sailkapenak: