Oriok eta Orio B-k bandera bana eskuratu dute gaurkoan ere. Eusko Label ligako taldea hasiera-hasieratik jarri da estropada buruan ohorezko txandan, baina Zierbena gertu izan du, hiru-lau segundora. Sei luze eta bost ziabogara jokatu dute estropada Galizian, Proba do Caramiñalen, eta estropada irabazteaz gain, denbora oso ona egin du: 19:36,56. Ez da hogei minutuz azpitik helmugaratu den bakarra, ordea: Zierbenak 19:40,98 denbora egin du, Donostiarrak 19:56,78, eta berdinketa egon da bi talderen artean: Hondarribiak eta bigarren txandako Urdaibaik 19:58,70 denbora egin dute. Getaria izan da seigarren, tarte handiagora, 20:10,86 denborarekin.
Zortzigarren bandera erdietsi dute Iker Zabalaren mutilek, eta liga esku-eskura dute, 128 puntu baititu, Zierbenak baino 20 gehiago.
KAE2ko Orio B taldeak ere bandera irabazi du Erandion (Bizkaia). 17:00etan hasi da estropada, eta 21:03:73 denborarekin gailendu da. Ia sei segundora helmugaratu da Hibaika, 21:09:43 denbora eginda. Azken estropada, hurrengo astean, abuztuaren 17an, igandearekin, jokatuko dute Colindresen (Espainia) Angel Larrañagaren mutilek, eta okerrik ezean, ligako txapeldun bihurtuko dira hantxe, 62 puntu baititu Orio Arraunketa Elkarteko mutilen bigarren taldeak, Hibaikak baino zortzi gehiago.
Euskotren ligako jardunaldia ere Proba do Caramiñalen jokatu dute emakumezkoek, eta Arraun Lagunak taldeak nagusitasunez irabazi du bandera. Tolosaldea izan da bigarren bost segundora, eta Oriok hirugarren egin du, sei segundora. Estropada gogorra izan da gaur arratsaldekoa. Batetik, bero handia egin duelako, eta bestetik, hiru luzera eta bi ziabogara jokatu dutelako estropada, normalean baino distantzia luzeagoan, beraz.
Denborei dagokienez, liderrak 10:40,82 denboran amaitu ditu lanak, Tolosaldeak 10:45,94 denboran, eta Oriok, 10:46,98 denboran. Dezentez atzerago iritsi dira gainerakoak; Zumaia izan da laugarren, ia hamabi segundora, 10:52,74 denborarekin.
Sailkapen orokorrean, Arraun Lagunakek tartea handitzen jarraitzen du Oriorekiko: 81 puntu dituzte donostiarrek, gaur zortzigarren bandera irabazita, eta 74 puntu, Oriok, bi handerarekin. Tolosaldeak jarraitzen du hirugarren, 70 punturekin eta bandera batekin.
Honakoak dira Euskotren eta Eusko Label ligetako gaurko sailkapenak: