Ardura handiko lana da patroiarena, berezia eta funtsezkoa. Ontziak haren gidaritzapean egiten du aurrera, eta, ezinbestean, liderra behar du izan. Lehorretik ari dira ikusten Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak Oihan Manterola (Orio, Gipuzkoa, 2008) eta Nerea Kurto (Errenteria, Gipuzkoa, 2008), baina haiek ere bultza egiten diote ontziari, taldearen parte baitira. Hain zuzen, haiek dira maila nagusiko patroirik gazteenak. 16 urte baino ez dituzte —abenduan egingo dituzte 17—.
Orion dabil Manterola, eta Hibaikan Kurto. Gizonezkoen taldean badago Manterolaren adina halako bi duenik. Horietako bat, patroi titularra: Gorka Aranberri —38 urte ditu—. Erreferentea da gazteentzat, eta, nola ez, Manterolarentzat: "Gorka txikitatik izan da nire idoloa. Umetan haren bideoak ikusten nituen, eta, Orion zegoenean, haren sinadura zuen kamiseta bat nuen. Aurten hona zetorrela jakiteak ilusio handia egin zidan. Niretzat, ametsa da haren ondoan egotea; oso gustura nago".
Patroi "berezia" dela azpimarratu du. "Zuek telebistakoa ikusi duzue, duen kalitatea, alegia; baina entrenamenduetan taldeari transmititzen diona ikaragarria da. Bigarren entrenatzailea izatea bezala da. Ikusgarria da nola daraman arraunlari bakoitza taldean sartuta". Harengandik ikasi nahi luke, eta ari da, pixkanaka.
"Arraunzalea" da Orioko patroi gaztea, eta, hortaz, "pozez zoratzen" dago. Aurten aurrenekoz egin du denboraldiaurrea lehen taldearekin, eta lortu du entrenatzailearen konfiantza izatea: hura da Aranberriren ordezkoa. "Sei hilabete atzera eginda, ez nukeen imajinatu ere egingo. Ikerrek [Zabalak, entrenatzaileak] aukera ona eman dit, asko ari naiz ikasten. Niretzat esperientzia hau paregabea da. Taldeari ahalik gehien eman nahi diot".