Liga irabaztetik bi estropadara dago Orio B

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 5a, 10:00

Orio B ontzia, aurten Ondarroan irabazitako bandera astintzen.

Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen bigarren trainerua lider da KAE2 ligan, 56 punturekin. Hibaikak 49 puntu ditu, eta bi estropada gelditzen dira liga amaitzeko: asteburu honetan Erandiokoa (Bizkaia) eta hurrengoan Colindreskoa (Espainia).

Traineru denboraldia sartua da azken txanpan KAE2 ligako ontzientzat, bi estropada baino ez baitira falta liga amaitzeko. Orio B denboraldi bikaina ari da egiten, eta lider da sailkapenean 56 punturekin. Hibaika da bigarren 49 punturekin, eta Portugalete hirugarren, 44 punturekin. Beraz, azken bi estropadetan ere denboraldi osoan zehar egindako lan on horri eutsiz gero, Orio Arraunketa Elkartearentzat izan daiteke aurtengo aurreneko liga.

Ontziek Erandion (Bizkaia) dute aurreneko hitzordua, larunbat honetan, 17:00etan hasita. Azken estropada, berriz, hurrengo astean, abuztuaren 17an, igandearekin, jokatuko dute Colindresen (Espainia) Angel Larrañagaren mutilek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide