Gipuzkoatik Bizkaira, Hondarribitik Lekeitiora egin dute salto gaur Eusko Label eta Euskotren traineru ligek. Gizonen kasuan, XL El Correo Ikurrina-Kutxabank SN-Lekeitioko Udala bandera izan dute jokoan; emakumeek, aldiz, XIV. Euskotren Bandera. Bietan ere bandera astintzetik hurbil izan dira Orioko traineruak, baina alde oso txikiarengatik ihes egin die biei ere garaipenak.
Euskotren ligako estropadak eman dio hasiera arraunketa saioari. Bezperan Hondarribian izandako ezustekotik osatzea zuen helburu Orioko Arraunketa Elkarteko traineruak. Izan ere, bosgarren izan ziren oriotarrak larunbateko estropadan. Horregatik, gaur lehen txandan aritu dira Oriokoak, eta aise irabazi dute lehia, bere txandan bigarren egin duen Donostiarrari 18 segundoko aldea atereaz. Bigarren txandan gertatuko zenaren zain geratu behar izan dute. Arraun Lagunak izan da ohorezko txandan irabazlea, baina photo finishak erabaki du zer ontzik eramango zuen Lekeitioko bandera etxera. Azkenean, klub donostiarrarentza izan da bandera, 66 ehuneko eskasengatik.
Sailkapen nagusian, hamar bandera jokatuta, bigarren da Orio, 68 punturekin, lider den Arraun Lagunakengandik bost puntura; 73 puntu dituzte donostiarrek.
Emakumeen lehia amaituta, gizonen txanda heldu da. Bezperan Hondarribian izandako emaitzak izan dituzte kontuan txandak erabakitzeko orduan, eta horrela gaur lehen bi postutan bukatu duten Zierbena eta Orio txanda desberdinetan aritu dira: bizkaitarrak bigarrengoan, eta gipuzkoarrak, atzoko irabazleak, ohorezkoan. Oraingoan, baina, bigarren txandan lehiatu den Zierbenak egin du denbora onena; ohorezkoan aritu den Oriok baino segundo eta erdi gutxiago behar izan ditu lau luzeak egiteko. Hala, aurretik Euskotren ligan gertatu bezala, garaipenetik oso hurbil izan dira oriotarrak.
Gaur bigarren izanda ere, San Nikolas ontziak alde sendoa du sailkapenean bigarren den Zierbernarekiko: 116 puntu ditu Oriok eta 97 Zierbenak.
Datorren asteburuan, Galiziara
Datorren astean Galiziarako bidea hartuko dute bi ligek. Larunbatean A Pobra do Carabiñalen izango dute estropada, eta igandean Boiron, biak ere Arousako itsasadarrean.