Oraingoan, lau bandera astintze

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 28a, 10:20

Aurreko asteburua biribila izan bazen Orio Arraunketa Elkarteko traineruentzat, honakoa ez da gutxiagorako izan: asteburuko bi banderak irabazi ditu Oriok Eusko Label ligan, igandekoa Euskotren ligan, eta jokoan zen bakarra, KAE2 ligan. Atzo iluntzean herritarrek harrera beroa egin zieten arraunlariei, eguraldi kaskarrari iskin eginez.

Ez bat, ez bi, ez hiru... Lau bandera. Horiexek etxeratu dituzte asteburuan Orio Arraunketa Elkarteko traineruek. Gizonezkoen ontzi nagusiak asteburuko bi banderak irabazi ditu, larunbatean Getxon (Bizkaia) eta atzo Castron (Espainia), eta emakumezkoenak, atzo Castron. Orio B-k ere bandera irabazi zuen larunbatean Bizkai aldean, asteburuan jokoan zuten bakarra. Emaitzak eta kronikak ikusgai daude atari honek traineru denboraldiari buruz duen atal berezian.

Hala, ohiturari jarraituz, harrera edo alirona izan zen atzo 20:00etan udaletxe aurrean. Orioko Txarangaren doinuei segika kalejira egin, eta igo ziren udaletxera hiru ontzietako arraunlariak eta prestatzaileak, herritarren txaloak jasotzeko banderak astindu bitartean. Eguraldi kaskarrari iskin egin, eta herritar ugari elkartu zen atzokoan ere, asteburu biribilaz gozatzera.

(Argazkiak: Joxeju eta Joxemari Olasagasti)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide