Atzo Getxon hirugarren egin ondoren, Orio Orialkiko neskek beren maila erakutsi dute gaur Castron. Denboraldiko bigarren bandera eskuratu dute han. Hasiera batean Arraun Lagunakek aurrea hartu badu ere, hiru segundoko zigorra ezarri dio epaileak Donostiako ontziari Tolosaldea traineruaren kalea hartzeagatik. Oriok 11:02ko denboran amaitu ditu lanak; hiru segundo beranduago Arraun Lagunakek.
Lider donostiarrek jarraitzen dute, baina gaurko garaipenak balio izan dio Oriori Arraun Lagunaken puntu berak biltzeko sailkapen nagusian. 57na puntu dituzte, hain zuzen.
Gizonezkoen ontzia ere garaile
Emakumezkoek bakarrik ez, gizonezkoek ere beren nagusitasuna erakutsi dute beste behin ere. Azken unera arte ez da argitu oriotarrena izango ote zen Castroko bandera, indartsu hasi baita Donostiarra. Hirugarren ziabogan aurretik zen Donostiarra, baina azkenean Oriok hiru segundo lehenago amaitu ditu lanak, 20:43ko denboran. Hirugarren, berriz, San Juan izan da, bederatzi segundora.
Gaurko garaipenari esker sailkapen nagusian Zierbenarekiko (77) aldea handitu du Oriok (93). Hirugarren da Donostiarra (75).