Gizonezkoen traineruak bosgarren bandera eskuratu du Getxon

Maria Maya Manterola 2025ko uzt. 26a, 20:00

Orioko gizonezkoen trainerua, joan den asteburuan, etxean jokatutako estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Getxon jokatutako estropadan aise irabazi du Orio Orialkiko gizonezkoen traineruak, bigarrenari hamalau segundoko aldea aterata. Lidergotza sendotzeko balio izan dio gaurko garaipenak. Emakumezkoek, berriz, hirugarren egin dute, eta lidertza galdu. 

Orio Orialkiko gizonezkoen traineruak nagusitasunez eskuratu du denboraldiko bosgarren bandera. Getxon izan da estropada arratsaldean, eta bigarrenari hamalau segundoko aldea aterata poltsikoratu dute estropada oriotarrek. 

Hirugarren txandan aritu dira, eta hasieratik hartu dute estropadaren burua. Metroek aurrera egin ahala, gainera, Zierbenarekiko distantzia handitzea lortu dute, eta alde handiarekin iritsi dira lehenak helmugara. Haren atzetik sailkatu dira Zierbena eta Donostiarra. Laugarren egin du, berriz, Hondarribiak.

Sailkapen nagusiaren buruan da Orio (81), eta lehen postuan nagusitasunez jarraitzeko puntu nahikoa poltsikoratu ditu gaurkoan. Bigarren eta hirugarren dira Zierbena (73) eta Donostiarra (64).

Neskek lidertza galdu dute

Orio Orialkiko emakumezkoen traineruak joan den asteburuan etxean jokatutako estropadan eskuratu zuen lidertza, Arraun Lagunak mendean hartuta. Gaur arratsaldean Getxon jokatutako estropadan, ordea, hirugarren egin dute oriotarrek, donostiarren eta Tolosaldeakoen atzetik. 

Arraun Lagunak aurretik zihoan lehen ziabogan, eta atzetik zituen, parez pare, Tolosaldea eta Orio. Arraun Lagunakek 10:43 denboran amaitu ditu bere lanak, eta hamabi segundo beranduago heldu da Tolosaldea; hamabost segundora Orio. 

Sailkapen nagusian bigarren da Orio, 49 punturekin, eta lidergoa eskuratu du Arraun Lagunakek, puntu bat gehiago poltsikoratuta. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide