Asteburuko protagonistetako bi izan dira Orioko gizonezkoen eta emakumezkoen entrenatzaileak; Iker Zabala eta Patxi Frances, hurrenez hurren. Zabalak asteburuko balorazio "ona" egin du, eta "oso-oso pozik" dagoen arren, bere ustetan "ez da izan perfektua", horretarako jokoan ziren bi banderak irabazi behar zituelako Oriok. Aitortu du ez daudela kexatzeko, "joan den asteburutik puntu gehiago atera dizkiogulako sailkapeneko bigarrenari", baina era berean, "banderak garesti" daudela nabarmendu du.
Hori bai, aho bizarrik gabe hitz egin du ligari buruz dituen aurreikuspenez: "Sei banderatatik lau irabazi ditugu, liga hasiera oso ona da, eta uste dut liga irabazteko hautagai sendoa garela".
Asteburuko estropadei dagokienez, larunbatean Zierbena gehiago izan zela uste du Zabalak, eta bere taldeak, berriz, egin zuela akats bat edo beste. Atzokoan, berriz, lau arraunlari "fresko" sartu zituen traineruan, eta taldeak itsasoan ondo arraun egiten asmatu zuela azaldu du. "Beti izan dugu duda ea itsaso zakarrarekin nola ibiliko ginen, eta erakutsi dugu bai itsasoan, bai errioan, ondo moldatzen garela, eta liderrak garela, eta zerbaitegatik garela", esan du, argi.
Atzokoa "egun berezia" izan zela azpimarratu du neskek ere estropada irabazi eta lider jarri zirelako, eta bigarren ontziak ere bandera lortu zuelako: "Hiru traineruak liderrak gara gure ligetan, eta uste dut horrelako gauzak gutxitan gertatzen direla. Harreran plazan sortu zen giroak erakusten du jendea irabazteko gosez dagoela, eta zaleei eskerrak eman nahi dizkiet halako babesa erakustearren; guretzat oso-oso garrantzitsua da halako berotasuna sentitzea, eta ea denon artean Orio punta-puntara eramaten dugun".
Frances ere gustura da igandeko estropadarekin, hainbeste borrokatutako bandera eskuratu ondoren. "Ez zen estropada erraza, baina nahikoa ondo moldatu gara estropadara. Irteera ona egin dugu, Tolosaldearekin parean, eta haiei jarraitzea lortu dugu ziabogara arte, haiek estropada apurtzera atera baitira. Ziabogara bentaja txiki batekin iritsi gara arraunean luze eta ondo eginda. Ziaboga oso ona egin dute taldeak eta Maiderrek, eta bueltakoan lehenengo kaletik egitea erabaki dugu, aukera onena zelakoan".
Francesek nabarmendu du igandeko estropada larunbatean hasi zela, "han sentsazio onekin ibili ginen, eta etxeko lehian ikusi da sentsazio horiek benetakoak zirela".