Beste behin, asteburuko estropaden balorazio ona egin du Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen traineruak. Hala adierazi dio hedabide honi Jon Lizarralde arraunlariak. Hori bai, larunbatean, Donostian, itsasoaren baldintza zailetan beraien lana "ondo ez" zutela egin onartu du oriotarrak. "Ez ginen ondo moldatu, ez genuen disfrutatu", esan du Lizarraldek, eta zer hobetu badutela gaineratu du. Donostiarra izan zen irabazlea, eta Orio hirugarren izan zen larunbatean. "Donostiarrak egindako lana goraipatu behar da, sekulako erakustaldia eman zuen, eta guk gure lana egin izan bagenu ere, ziur aski Donostiarrari bandera kentzeko gai ez ginatekeelako izango", azpimarratu du.
Egun bat geroago, Zierbenako (Bizkaia) uretan, ordea, denboraldiko hirugarren bandera astintzeko gai izan zen Gorka Aranberrik gidatzen duen eskifaia.
Hasieratik aurretik joanda, lehen ziabogaren ondoren aldea zabaldu zuten Oriokoek, eta bigarrenarekiko bost traineruko aldearekin heldu ziren amaierara. Hala, Lizarraldek esan du "gozatu" egin zutela. Indartsu ateratzea nahi zuten, eta, Lizarralderen esanetan, larunbatean lortu ez zutena lortu zuten. Behin estropada hautsita, bigarren zatia "gozamena" izan zela esan du arraunlariak. "Arraunerako ez zegoen zailtasun alerik, eta bigarren luzean etorritako olatua aprobetxatzen asmatu genuen", gaineratu du.
Hobetu beharrekoak hobetzen buru-belarri jarriko direla esan du Lizarraldek, baina aldi berean, badakitela zeinen zaila den bandera bakoitza irabaztea, eta baloratu egin behar dela asteburuan bat lortu izana, eta horregatik dela ona asteburuko balorazioa. "Asteburua bi puntuko errentarekin hasi genuen bigarrenarekiko, eta orain lau puntuko errentarekin gaude. Hortaz, aldea txikia izanagatik puntu gehiago dira, eta seinale ona da hori; kontentu gaude horrekin", bukatu du.