Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen ontziko Nagore Urdapilleta arraunlaria gustura da liga hasierarekin: "Liga hasi genuenetik, orain bi aste, taldeko balorazioa oso positiboa da. Bilboko eta Sestaoko ur bareak eremu bereziak zirela bagenekien, indar lan asko duelako eta itsasoak ematen duen lan teknikoa falta delako errioetan. Ez dut esango beldur ginenik, baina kontziente ginen ez direla guretzat eremu egokienak daukagun taldearengatik, ez garelako oso talde indartsua, baina denon ezusterako, eremu horietan ondo ibili izanak eta bi egunetan irabazlearengandik ehunenekoetara gelditzeak asko lagundu zigun. Gure tokia hori dela ikusteak lagundu zigun gure burua baloratzen".
Izan ere, Gipuzkoako Txapelketan seigarren egitetik zetorren taldea, "Orio bezalako talde bat Euskadiko Txapelketatik kanpora gelditzetik, gure hasierako helburua zenean Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan aritzea". Beraz, Urdapilletarentzat "esanguratsua" da hori gertatu eta hilabetera, azken bi urteetako liga irabazlea izan den Arraun Lagunak taldearengandik ehunenekoetara gelditzea aurreneko bi estropadetan.
Donostiako eta Zierbenako estropaden balorazioa
Pasa den asteburuan ukitu dute itsasoa, Donostian eta "zati txiki bat Zierbenan", eta beren burua "nahiko ondo" ikusi zuten Donostian, "itsaso mugitu eta exijente batean". Aitortu du "hobetzeko gauza asko" ikusi zituztela, eta gaineratu du Patxi Frances entrenatzaileak "hasiera-hasieratik" esan diela taldeak baduela "hobetzeko tartea", eta alde horretatik lasai dagoela entrenatzailea, "horrek esan nahi duelako oraingo maila hobetzeko gaitasuna ere badugula", azpimarratu du arraunlari bidaniarrak. "Patxi oso konbentzituta ikusten dut horretaz, eta uste dut horrek taldea ere lasaitu egiten duela".
Zierbenako estropadaz, esan du han atera dietela tarte gehien, eta huraxe dela arraunlariei "gutxien" gustatzen zaien estropada eremua, linean jokatzen delako "baina linean joan gabe, eremua okerra delako, erronbo formakoa, eta ur nahiko gogorrak direlako, haizearekin eta olatutxoekin". Kontuak kontu, Urdapilletak esan du aurreneko zatian "nahiko ondo" ikusi zutela beren burua, baina ziaboga eman eta ez zutela lortu guztiz hartzea beren arraunketa, batez ere azken txanpan. "Hala ere, azpimarratuko nuke taldea sendo dagoela, eta hor ibili garela lau jardunaldietan banderaren makilari heltzekotan. Herrian ere, jendeak esaten digu lasai egoteko, banderak iritsiko direla, eta jendearen esperantza horrek ere baieztatzen digu gauzak ondo egiten ari garela".
Arraunlariak "eskerrak" eman nahi dizkie Frances entrenatzaileari eta Rafa Gonzalez-Txabarri prestatzaile fisikoari "azken lau urteetan egiten ari diren lanagatik, eta nahiz eta aldaketak eduki, taldea mantentzen jakin izan dutelako", eta Aitor Carrillo ere eskertu nahi izan du "talde osoaren izenean, azken asteetan gurekin egiten ari den lanagatik eta ematen ari zaigun babesagatik, txalotzekoa delako taldeari laguntzeko jartzen ari den intentzio guztia".
Etxeko estropadari begira
Hemendik aurrerako estropadei dagokienez, horietara "buru-gogor" joango direla azaldu du: "Etxean tokatzen zaigu arraun egitea, eta badakigu Orioko Estropadak nolako pisua duen Orion, eta banderaren bat irabazi nahi baduzu, beti da etxekoa eta Kontxakoa, eta oraintxe bertan gauden puntuan eta ikusten garen mailan, etxeko bandera irabaztea litzateke lortzea dugun garaipen handiena".
Entrenatzaileak egin dien konparazio bat kontatu du arraunlariak: "Patxik esan digu arrauneko puntuazioak Tourrekoak bezala funtzionatuko balu, irabazten joango ginatekeela, eta horri eusteko eta lasai mantentzeko burua, lanak ondo egiten jarraitzen badugu, hortxe egongo garelako. Badakigu hau ez dela Tourra, baina urtea hasi dugun bezala hasita, gure buruak puntu honetan ikusteak lagundu eta lasaitu egiten du".
Nabarmentzekoa iruditzen zaio bidaniarrari aurreneko lau estropadetan arraunlari guztiek jokatu izana ere: "Oso esanguratsua iruditzen zait aldaketa horiek guztiak egin, eta hala ere diferentzia minimo horiek mantendu izana", esan du, bukatzeko.
Kontuak kontu, asteburu honetan bertan izango du Oriok bere maila erakusteko parada ederra, larunbatean Pasaian, eta igandean, etxean bertan.