Orioko emakumeak bigarren eta gizonezkoak hirugarren, Donostiako uretan

Aritz Mutiozabal 2025ko uzt. 12a, 19:55

Orioko arraunlariak, joan den astean, Bilbon. (Aitor Arrizabalaga)

Emakumezkoek lehia bizia izan dute Tolosaldearekin eta gertu izan dute Fabrika Bandera. Gizonekoetan, berriz, Donostiarra nagusitu da harrotasunez, alde nabarmena aterata gainerako guztiei.

Donostiako badian jokatu dute larunbateko jardunaldia Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek. Fabrika Banderak izan dituzte jokoan emakumezkoek zein gizonezkoek, eta biek ala biek lehia porrokatua bezain ikusgarria eskaini dute. Tamalez, Orioko traineruek ezin izan dute garaipenik erdietsi, nahiz eta majo saiatu diren. Itsas baldintzak eta kaleek asko baldintzatu dute gaurko estropada, eta bigarren eta hirugarren postuekin konformatu dira, sailkapen orokorrean puntuak pilatzen joateko oso baliagarriak.

Emakumezkoetan, Tolosaldeak lortu du garaipenaren trapua, ligan lortu duen historiako lehena; hasieratik jarri da buruan, eta halaxe bukatu du, 12:00,48ko denbora eginez. Oriok, baina, ez dizkio gauzak horren erraz utzi. Atzetik aurrerako estropada egin du, eta ziaboga ederra eginez, maniobra egiten arazoak izan dituen Tolosaldearen pare jarri da. Poparean, ordea, aldeak areagotu dituzte tolosarrek olatu bati esker. Oriok ez du amore eman eta bukaerara arte estutu du motorra. Azken metroetan, gainera, olatuak hartzen asmatu du, eta garaipena ere gertu ikusi du. Azkenean, ordea, bi segundora helmugaratu da bigarren postuan.

Hirugarren postua Arraun Lagunak ontziarentzat izan da. Ziabogan Tolosaldea eta Oriorekin batera eman badute, metro asko galdu dituzte, eta 16 segundora iritsi da. Ohorezko txandan laugarren izan da Zumaia, ziabogatik atzean geratu da eta helmugara 26 segundoko atzerapenarekin heldu da. Gaurko sailkapenean, baina, bosgarren bukatu du: lehen txandako garaile izan den Hondarribiak denbora hobea egin du, eta hark hartu du laugarren tokia.

Gizonezkoetan, etxekoak izan dira jaun eta jabe, garaipen historikoa lortuz. Donostiarra izan da nagusi, 20:06,34ko denborarekin, eta egundoko aldea atera die ondorengoei; bigarren izan den Urdaibairi 25 segundo eta hirugarren helmugaratu den Oriori, berriz, 33 segundo. Estropada bigarren luzean apurtu da, donostiarrek olatu eder bat ongi baliatu ondoren hartu dute estropada kontrolpean. Hortik aurrera, aldeak areagotzen joan dira apurka-apurka.

Oriok lehia zuzena izan du Urdaibairekin bigarren postua eskuratzeko, baina lehen kaleak ez dio justiziarik egin Iker Zabalaren mutilei, eta, azkenean, ezin izan du nahi bezalako arraunketa erakutsi. Laugarren tokian Zierbena helmugaratu da, 53 segundo galduta.

Hain justu ere, bihar eguerdian Zierbenan izango dute asteburuko bigarren hiztordua, eta Petronor Bandera izango dute jokoan. Gaurko arantza kentzeko aukera bikaina, zalantzarik gabe.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide