Sei hitzordu berri izango dituzte OAEko ontziek asteburu honetan

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 10a, 13:30

Gorka Aranberri patroia, joan den asteburuko garaipenetako bat ospatzen. (Eusko Label)

Larunbat arratsaldean Donostian eta igande eguerdian Zierbenan (Bizkaia) jokatuko dituzte estropadak bi traineru nagusiek. Orio B ontziak, berriz, Laredon (Espainia) eta Lekeition (Bizkaia) izango ditu asteburuko hitzorduak.

Ezin hobeto dabiltza Orio Arraunketa Elkarteko ontziak hasiberri den traineru denboraldian: gizonezkoetan, sailkapenean lider dira bi traineruak, eta emakumezkoetan, bigarren. Hala, animoz eta konfiantzarekin heltzeko moduan dira asteburu honetako erronketara. Sei estropada jokatuko dituzte denera, Donostian eta Zierbenan (Bizkaia) bi ontzi nagusiek, eta Laredon (Espainia) eta Lekeition (Bizkaia), gizonezkoen B ontziak.

Azken horrena izango da aurreneko hitzordua, larunbatean 12:00etan Kantabriako uretan. Igandean, berriz, 11:00etan hasiko du estropada, Bizkai aldean.

Gorengo mailei dagokienez, Euskotreneko ontziak larunbatean 17:25ean uretaratuko dira Donostian, eta Eusko Labelekoak, 18:21ean. Igandean Bizkaiko uretan 11:25ean hasiko da lehia emakumeentzat, eta 12:21ean, berriz, gizonentzat.

Aurkari zuzenak

Eusko Labeleko sailkapenean 22 punturekin da lider Orio, eta Zierbena (20 puntu) eta Bermeo (18 puntu) ditu atzetik; printzipioz horiekin izango du lehia handiena, beraz, asteburu honetan. Euskotrenen, Oriok 14 puntu ditu eta bigarren da Arraun Lagunaken atzetik; 16 puntu ditu horrek. Tolosaldea da hirugarren, 11 punturekin, baina badirudi donostiarren eta oriotarren artean egongo direla banderak.

KAE2 ligan, azkenik, 22 punturekin da lider Orio, eta Hibaika (20 puntu) eta Portugalete (18 puntu) ditu ondoren. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide