"Asteburu ezin hobea izan da"

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 7a, 17:12

Orioko gizonezkoen bi ontziak, asteburuan irabazitako banderekin, atzo udaletxe aurrean. (Onintza Lete Arrieta)

Eusko Label eta Euskotren ligetako aurreneko bi estropadak jokatuta, iritzia eskatu die Gukak Jon Lizarralde eta Itxaso Azkonobieta arraunlari oriotarrei.

Asteburuan hasi dira Euskotren eta Eusko Label ligak, eta Orio Arraunketa Elkarteko traineruek erakutsi dute lehiarako daudela. Gizonezkoetan, Orio zen denentzat faborito, eta berak eraman ditu Bilboko eta Sestaoko banderak. Emakumezkoetan, ezustekoa eman du Oriok, eta onerako, gainera, inork gutxik uste zuelako banderagatik borrokan arituko zirela denboraldi hasiera honetan, baina ozta-ozta gelditu dira saririk gabe. Bietan, Arraun Lagunak traineruak irabazi ditu banderak, baina Orio segundo batera baino gutxiagora gelditu da, estropada ederrak eginda.

Liga hasiera honetaz iritzia eskatu die Gukak traineru bakoitzeko arraunlari banari: Jon Lizarralderi eta Itxaso Azkonobietari.

Lizarraldek, esaterako, adierazi du aurreneko bi estropaden balorazioa "ezin hobea" dela, eta horretarako hiru arrazoi zerrendatu ditu: "Hiru arrazoigatik izan da asteburu ezin hobea: batetik, liga hasieran askotan zaila izaten delako taldeek beren errendimendu gorena ateratzea, eta alde horretatik, ondo erantzun diogulako; bigarrenik, bitik bi bandera irabazi ditugulako eta ez dagoelako gehiago eskatzerik; eta hirugarrenik, azpimarratuko nuke larunbatetik igandera bost aldaketa egin direla traineruan, eta horrek erakusten duela plantilla osoak duela maila hor goian aritzeko, eta seinale ona dela".

Larunbatean egindako estropada "oso ona eta oso gogorra" izan zela uste du, eta merezimendu osoz irabazi zutela: "Urteko estropada gogorrena izaten da, eta aurten, gainera, marea behe bete-betean jokatu da, ur oso gutxirekin eta haizearekin". Aitortu du berari asko gustatzen zaiola liga Bilbon hastea, errioan eta erlojupean, "traineru denak baldintza bertsuetan eta elkarren segidan". Bere ustez, "aitzakiarik ez dagoen tokia da, eta indartsuena zein den ikusten da".

Atzoko estropada, berriz, "arriskutsua" izan zitekeela esan du, Sestaon kaleek asko eragiten dutelako. Zentzu horretan, "umiltasun osoz" aitortu du kale onena tokatu zitzaiela, baina uste du hala ere meritua duela irabazi izanak, "estropada oso gogorra" izan zelako haizeagatik eta korronteengatik, eta bigarren luzean "lan oso-oso ona" egin zutela adierazi du. Hirugarren ziaboga oso ona egin zutela ere esan du, eta azken luzea "gozatuz" egin zutela.

Itxaso Azkonobietak ere positiboki baloratu du Oriok Euskotren ligan egin duen hasiera, baina helburua irabaztea dela ere argi du: "Aurredenboraldian lana gogor egin dugu eta lehen bi estropadetan maila ona erakutsi dugula iruditzen zait, sentsazio onak izan ditugu eta lehen posturako borrokan ibili izanak taldea sendo dagoela erakusten du. Datozen estropadei begira, egiten ari garen kalitatezko lanari jarraipena emango diogu, eta lehen postua lortzen saiatuko gara".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide